Tio Teronen Semeak taldearen 'Festamentua' ikuskizunagaz ekimenez betetako aste kulturala hasiko dute Mañarian

Joseba Derteano 2020ko urr. 13a, 08:31

Mañariko Udalak hitzaldi, musika kontzertu, antzerki saio eta emanaldiekin osatutako ekimen sorta batu du urriko aste kulturalerako. Urriaren 17tik 24ra bitartean izango da eta ekimen guztietan parte hartu ahal izateko, aurretik (urriaren 12tik 16ra) izena eman beharra dago udaletxean.

Urriaren 17an, 10:00etan, Ondare Jardunaldien barruan antolatutako berbaldi batek emango dio hasiera egitarauari. Mentxu Amunategi irakasleak sendabelarrak izango ditu berbagai. Arratsaldean, 18:00etan, Tio Teronen Semeak taldeak umorea, dantza eta doinu ezagunak uztartzen dituen 'Festamentua' ikuskizuna eskainiko du. Bertan, hileta batean batzen diren lau lagunen gogoetak plazaratuko dituzte.

Ondoren, 19:00etan, Jesus Martin Moro organistaren kontzertua hasiko da. Moro Donibane Lohitzuneko elizako organista titularra da 1987tik hona, eta hainbat kontzertu eman ditu Europan eta Hegoamerikan, Mexikon batez ere. Musika irakasle ere jardun du Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan, besteak beste.

Urriaren 22an, 19:00etan, Dorleta Kortazar ipuin kontalariak helduentzako ipuinak kontatuko ditu liburutegi zaharrean.

Dokumentalaren aurkezpena
Ekimen bik, entretenimendua ez ezik, udalak herriko memoria historikoa berreskuratzen egindako ahalegina bistaratuko dute. Izan ere, 1937ko uztailaren 29an, frankismoko epaile militarren aginduak betez, Mañariko hainbat emakume atxilotu zituzten eta udalak eta Gerediaga elkarteak, elkarlanean, historiako pasarte ilun hori ikertu dute, emakume horien senitartekoei elkarrizketak grabatuta. Ondoren, material horregaz, Atearen ostean, Mañariko 13 alabak izeneko dokumentala landu dute. Urriaren 24an estreinatuko dute.

"Errepresioa jasan zuten emakumeei eta euren familiei justizia, memoria eta erreparazioa eskaintzea da egitasmo honen helburua", azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Aperitibo moduan, frankismo garaiko emakumeen kartzelen gaian aditua den Asuncion Badiola historialariak hitzaldia eskainiko du urriaren 19an, 19:00etan, liburutegi zaharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!