Mañariko udal eraikinetako argindar kontsumoaren %35 eguzki plaken bitartez lortuko dute laster

Joseba Derteano 2020ko ira. 21a, 12:19

Azken urteetan energia berriztagarrien aldeko apustua egiten ari dira Mañariko Udalean, eta bide horretan pauso berri emango dute datozen egunetan. Laster plaka fotoboltaikoak ipiniko dituzte pilotalekuko teilatuan, eta handik sortzen den angindarra udaleko eraikinetan kontsumituko dute.

Guztira, 18 plaka ipiniko dituzte, frontoi barruko sarera konektatuta egongo direnak. Plakek 8054 kW sortzeko ahalmena dute eta kopuru hori udal eraikinetan urtean zehar erabiltzen den energiaren %35 da, udaletik jakinarazi dutenez.

Sortutako energia ezingo da almazenatu. Hau da, sortu ahala erabiltzen joango dira udal eraikinetan: udaletxean, liburutegian, haurreskolan, pilotalekuan eta mediku kontsultan.

Proiektu hau iazko aurrekontuetan aurreikusita zegoen eta 14.810 euroko inbertsioa egingo du udalak. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, klima aldaketaren arloko jardueretarako programatik.

Egitasmo honegaz hainbat helburu bete gura dituzte. "Onurak egongo dira ingurumenean eta gizartean, murriztu egingo direlako igorpen kutsatzaileak. Bestetik, dirua aurreztea ere ekarriko du", adierazi du Ainara Otxotorena Mañariko alkateak. Hain zuzen ere, urtean 1.300 euro baino gehiago aurreztuko dituztela kalkulatu dute.

Bikote Solar enpresari esleitu dizkiote plakak ipintzeko lanak. Hamar-hamabost egunen barruan helduko dira plakak, eta ondoren bi-hiru egun beharko dituzte ipintzeko. Eguraldiak laguntzen badu, azpiegitura berria hilabeteren barruan egongo da ipinita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!