Mikel Bizkarrak beste hiru urterako luzatu du kontratua Euskadi Fundazioa taldearekin

Anboto 2020ko uzt. 22a, 21:00

(Argazkia: @FundaCiclisEusk)

2023. urtera arte jarraituko du talde horretan txirrindulari mañariarrak.

Mikel Bizkarrak bere ibilbideko bigarren etapa du Euskadi Fundazioan. Aurretik, 2011tik 2013ra egon zen talde horretan. Etapa berrian urtebete zeraman taldean eta, kontratu berriarekin, beste hiru urte egingo ditu.

"Oso pozik" dago txirrindulari mañariarra. "Otsail bukaeratik lehiatu barik gaude eta hala ere taldeak nigan kofiantza hori jartzea oso garrantzitsua da niretzako eta gauzak ondo egiteko beste lasaitasun bat eskaintzen du", adierazi dio ANBOTOri.

Errepidera irteteko prest dago. Osasun krisiak eragozten ez badu, hurrengo asteartean hasiko den Burgosko Itzulian parte hartuko du. Abuztuaren 2an, berriz, Getxoko Zirkuitua proban ariko da. Aurrerago, abuztuaren 6an, Mont Ventoux-en amaitzen den klasiko bat lehiatuko du Frantzian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!