“Txikitako ametsa bete dut eta desiratzen nago Euskaltelen maillotagaz errepidera irteteko”

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 29a, 17:00
@photogomezsport

Mikel Bizkarra mañariarra desiratzen dago maillota jantzi, dortsala ipini eta onenekin lehiatzeko. Hala ere, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak badaki "oraindino apurtxo bat" itxaron beharko dutela.

UCIk (Nazioarteko Txirrindulari Elkarteak) txirrindularitzako egutegi berrantolatuaren berri eman du. Zuk badakizu lasterketetara noiz itzuliko zaren?
Uztailaren 24an lehiatzen hastea da taldearen asmoa, Portugalen, hiru eguneko itzuli batean. Baina txirrindulari bakoitzaren egutegiari dagokionez, oraindino ez daukagu ezer zehaztuta. Hala ere, taldearen egutegia ikusita, Portugalekoaren ondoren lasterketa nahikotxo izango ditugu, egiten badira, jakina.

Momentu honetan, zelan zaude fisikoki?
Egia esanda, nahiko ondo. Arrabolan entrenatuta bakarrik sasoia galduko nuela eta ez nintzela ondo egongo uste nuen. Baina dagoeneko banabil errepidean, eta sentsazio onak ditu.

Zelan eraman duzue konfinamendua eta egunero arrabolan entrenatzea?
Lehenengo egunak izan ziren gatxenak, jakinda ezin duzula kalera irten, ezin duzula ezer egin eta etxean gelditu behar duzula. Hala ere, lehenengo momentutik errutina bati jarraitzen ahalegindu nintzen, eta arrabolan entrenatzen nintzen, goizean eta arratsaldean. Goizean intentsitate handiagoko saioak egiten nituen, eta arratsaldean, ostera, apur bat lasaiago hartzen nituen entrenamenduak. Errutina horregaz eta arrabolarako dauden aplikazioekin, azkenean, nahiko ondo eraman dut konfinamendua.   

Konfinamendu sasoian jakin duzue zuen taldeak ez duela gonbidapenik jaso Espainiako Vueltarako. Itxarondako berria izan da?
Bagenekien gonbidapena jasotzea gatx izango zela, denboraldi hasieratik. Talde bik baino ez dute jasotzen, eta hor egotea ez zen batere erraza, jakinda mailaz igo berri den taldea dela gurea. Vueltak azken orduko aldaketak izan ditu eta bagenuen esperantza txiki bat, Holandatik barik Euskal Herritik irtengo duelako. Gainera, COVID-19aren kontuagaz gonbidapen gehiago emango zituztelakoan geunden. Baina ez da horrela izan. Guretzat pena da, etapa asko etxean izango dira eta. Gure aldetik, ondo lan egiten jarraitu eta errepidean erakutsiko dugu etorkizunean toki bat merezi dugula.

Denboraldia indartsu hasi zenuen, onenekin lehian. Geldialdi honen ondoren, zeintzuk dira zure helburuak?
Ez daukagu helburu jakinik. Zuzendariek esan digute lasterketa dezente izango ditugula abuztuan, eta hor indartsu egon beharko dugula. Orduan, ahaleginduko gara denboraldia hasten den momentuan indartsu egoten eta dena ematen. Asko jota, lasterketak hiru hileren barruan izango ditugu eta aukerak aprobetxatzen ahalegindu beharko dugu. Lasterketa guztiak izango ditugu helburu.

Euskadi Fundaziora bueltatu zara, profesionaletan debutatzeko aukera eman zizun taldera.
Eurek eman zidaten profesionaletara igarotzeko aukera, eta pozgarria da urte dezenteren ondoren bertara itzultzea; gainera, kolore laranjagaz eta Euskaltelen laguntzagaz. Maillot laranja hori eramatea txikitako ametsa betetzea da. Txikitan Euskaltel animatzera joaten ginen lasterketa guztietara, marea laranjako kide nintzen. Orain, txikitako ametsa bete dut eta desiratzen nago Euskaltelen maillotagaz errepidera irteteko. Aurten ez bada ere, seguru nago datorren urtean etxeko lasterketetan zaleekin disfrutatu ahal izango dugula eta dena oso hunkigarria izango dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!