Ornitorrinkoa, Mañariko Hontza museoko harribitxi berria

Joseba Derteano 2019ko abe. 20a, 11:27
Enrike, HM Fundazioaren burua; Leire, museoaren zuzendaria; eta Igor, harreman publikoen arduraduna, ornitorrinkoa aurkezten.

Australiako eta Tasmaniako espezie endemikoa ikusi daiteke Mañariko natur zientzien museoan.

"Animalia-espezie hori hain da bitxia ezen, ugaztuna izan arren, 'ahate-mokoa', 'azkonar-buztana' eta 'igaraba-gorputz eta -hankak ditu; gainera, ugaztun pozoitsu bakarra da. Aipaturiko bitxikeriak gutxi balira bezala, esan behar dugu ornitorrinko emeek arrautzak jartzen dituztela, eta kumeak errunalditik hamar egunera jaiotzen direla", adierazi dute museotik ohar batean.

Hontzako arduradunek "eskerrak" eman dizkiete Bilboko Miguel de Unamuno BHIko lagunei "egindako dohaintza honengatik eta beste hainbatengatik": guztira, 40 baino gehiago, besteak beste, kanguru bat, nagi bat, pekari bat... "Funts horiei guztiei esker, gure museoa, Natur Zientzien museo ofizial bakarra Bizkaian, jakintza-arlo horretako garrantzitsuenetakoa da", gehitu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!