Mañariko adinekoen bizimodua hobetzeko 86 neurri jaso dituzte diagnostikoan, eta lehentasunak markatzea da hurrengo pausoa

Joseba Derteano 2019ko abe. 19a, 14:48

Iaztik hona, diagnostiko bat egin dute Mañarian, adinekoen beharrizanak zeintzuk diren jakin eta euren bizimodua zelan hobetu daitekeen erabakitzeko. Adinekoek eurek eta askotariko eragileek emandako informazioagaz, txosten bat egin zuten, eta joan zen barikuan aurkeztu zuten herritarren aurrean. Atalik atal, nagusien bizimodua hobetzeko 86 neurri jasotzen ditu txostenak.

Hurrengo urratsa neurri horiek guztiak lehentasunen arabera sailkatzea izango da. 2020ko otsailetik apirilera bitartean burutu gura dute prozesu hori, adinekoekin lau-bost saio parte-hartzaile eginda. 2020ko inbertsioen ataleko 30.000 euro zertan inbertitu erabakiko dute prozesu horretan. "Ekintza plan errealista bat diseinatzea da helburua", azaldu du Ainara Otxotorena alkateak.

Herri batzarrean aurkeztutako txostenak atalik atal jasotzen ditu herriko nagusien beharrizanak. Euretariko hainbat garraioari lotutakoak dira. Izan ere, Mañariko biztanleen zati handi bat landa eremuan bizi da, baita adinekoen  kasuan ere. Txostenak jasotzen duenez, Mañariko biztanleen %19,46
65 urtetik gorakoak dira eta euretatik %46 landa eremuan bizi dira. "Auzoetatik irtetea kosta egiten da, nork eraman ez badaukazu", dago jasota Garraioa atalean, esaterako. Horregaz batera, adinekoek autobus eta aparkatzeko toki gehiago eskatzen dituzte atal berean. Bestalde, auto askok herriguneko semaforoa sarritan gorri dagoela igarotzen dutela ohartarazten dute eta, oro har, arinegi ibiltzen direla herri barruan.

Gizarte eta osasun zerbitzuei dagokienez, Mañariko mediku eta erizainak askotan aldatzen direla eta medikuen eta pazienteen arteko "konfiantza sortzea kosta" egiten dela diote nagusiek. Analisiak egitera, Iurretaraino joan behar dutela ere aipatu dute. Atal berean, zahartzaroa etxean eman ahal izateko erraztasunak eskatu dituzte. "Ahalik eta denborarik gehien etxean igaro ahal izateko, laguntzaile bat kontratatzea beharrezkoa izaten da askotan. Hobeto beloratzen da hori, erresidentziara joatea baino", jasotzen du atal horretako puntu batek. Bestalde, arlo horretan indarrean dauden zerbitzuak ez dituztela ondo ezagutzen eta euren gaineko informazioa helarazteko beharrizana nabarmentzen dute.

Etxebizitzaren, herriko eraikinen eta aire zabaleko espazioen ingurukoak dira txostenean jasotako beste beharrizanetariko batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!