Mañariko Herriko Taberna guztiz eraberritu eta ustiapena berriro esleituko dute

Joseba Derteano 2019ko aza. 29a, 13:59
Mañariko Herriko Tabernako sarrera.

Aurrekontuetan 85.000 euro gorde dituzte zeregin horretarako.

Azaroaren 10etik itxita dago Mañariko udaletxearen azpian dagoen Herriko Taberna. Hamar urtez taberna kudeatu dutenek ez jarraitzea erabaki dute. Berriro ireki aurretik obra batzuk nahitaez egin behar dira, esaterako, komunetan eta sukaldean. Horren aurrean erabaki bat hartu behar izan du udalak: moldaketa horiek bakarrik egitea ala, obra horiek derrigor egin behar direla aprobetxatuz, berrikuntza integral bat egitea. “Berrikuntza integrala egitea erabaki dugu”, azaldu du Ainara Otxotorena alkateak. Taberna barruko banaketa ere aldatuko dute.

Arkitektoa proiektu desberdinak lantzen ari da orain. Euretatik bat aukeratu, lanak esleitu eta obrak amaitu ostean, ustiapena lehiaketara aterako dute. Maiatzaren amaieran Mañarian egoten den azokarako Herriko Taberna zabalik egotea da asmoa.

Aurrekontuak aho batez

Atzoko udalbatzarrean 2020rako aurrekontuak aho batez onartu zituzten. EAJko Aitzol Gerenabarrenak aurrekontuak aurretik elkarrekin landu izana “eskertu” zion Gobernu Taldean dagoen EH Bilduri. Eurek egindako lau proposamenak aurrekontuetan jaso direla ere esan zuen. Horregatik erabaki zuten alde bozkatzea.

2020rako zenbateko osoa 975.093 eurokoa da iazkoa baino %3.6 handiagoa. Zenbateko horretatik 246.000 euro inbetsioetara bideratu dituzte.

 

INBERTSIO NAGUSIAK AURREKONTUETAN

 

- 85.000 euro: Herriko Tabernako obrarako.

- 30.000 euro: Frontoiko sabaiko zati batean materiale isolatzaileak jarriko dituzte, kirolguneko pasilloan dagoen itogina konpontzeko.

- 30.000 euro: Plazako zubia aldatzeko, egoera txarrean dagoelako

- 30.000 euro: Plazako jolasgunean eskaladarako gunea kendu eta harezko gune bat sortzeko.

- 30.000 euro: Aurrekontu parte hartzailerako. Aurten herriko nagusiekin egingo dute.

- 15.000 euro: Pilotalekuko eta hilerriko argiteria aldatzeko.

- 12.000 euro: Hiri Antolamenduko Plan Orokorrerako.

- 5.000 euro: Ibilbide paisajistikoen plana exekutatzeko.

- 1.000 euro: Egitekoa den aparkaleku berriko plan partzial bat egiteko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!