“Aurreko urteetakoen antzerako egutegia izango dut Euskadi Fundazioan”

Joseba Derteano 2019ko aza. 2a, 10:30

Euskadi-Murias taldea desagertu eta gero, 2011n profesional mailan lehenengoz pedalei eragin zien taldera itzuli da Mikel Bizkarra. Ziklista mañariarra prest dago erronka berriari aurre egiteko.

Euskadi Fundazioak orain iragarri du zure fitxaketa, baina taldera batuko zinen zurrumurruak aurreragotik zetozen. Noiz hasi ziren hartu-emanak taldeagaz?
Denbora dezente da eurekin sinatu nuela, baina oraintxe egin da ofizial. Beraz, nahiko lasai egon naiz alde horretatik.

Pozik zaude aukera berriagaz?
Bai, pozik nago. Pena ere badut Euskadi-Murias desagertu egin delako, lagun ditudan asko talderik barik geratu direlako eta gauzak ondo egin ditugula uste dudalako. Baina, tira, bizitzak aurrera jarraitzen du eta niretzat aukera polita da Euskadi Fundazioagaz dudan erronka. Etxean jarraitzen dut eta gogotsu nago hurrengo denboraldiari begira.

Euskadi Fundazioa ez da talde arrotza zuretzat.
Ez. 2010ean Euskadi Fundazioan egon nintzen, baina amateurretan, Naturgas Energia izeneko taldean. Hurrengo urtean, eurekin egin nuen profesionaletarako saltoa. Hiru urte eman nituen han. Lehenengo biak Orbea izenagaz, eta azkenengoa Euskadi Fundazioa lez.

Iaztik hamar txirrindularik jarraitzen dute eta hamar berri batu dituzte. Zer iruditzen zaizu denboraldi berrirako osatu duten taldea?
Talde polita egin dutela uste dut. Murias taldeko bost txirrindulari batu gara, tartean Espainiako Vueltan etapa garaipena lortu zuen Mikel Iturria. Horrez gainera, Juan Jose Lobato eta Ruben Fernandez ere batu dira. Ilusioa eta gogoa duten gazte asko ere badaude, eta seguru denboragaz hazten joango direla.

Egin duzu berba taldeko zuzendariekin denboraldi berriari begira?
Oraindino goiz da gehiago zehazteko, baina Jorge Azanza taldeko zuzendariagaz berba egin dut eta aurreko urteetan izan dudan egutegiaren antzerakoa egingo dut. Apiril inguruan, Euskal Herriko Itzulirako ondo egotea da asmoa. Etxeko lasterketa da eta hitzordu inportantea da, taldearentzat zein niretzat. Lehenengo helburua bertara ondo heltzea izango da. Oraindino asko falta da, baina apurka joango gara martxa hartzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!