[ARGAZKIAK] Orain 25.000 urte desagertutako leize-hartzaren eskeletoa ikusgai dago Mañariko Hontza Museoan

Anboto 2019ko urr. 14a, 15:00

Ikasturte berriko erakusketa inauguratu dute gaur.

Leize-hartza orain 25.000 bat urte desagertutako hartz espeziea da. Batez ere, Europan bizi izan zen; baita Mañariko Askondo kobazuloan ere, 10.000 urte baino gehiagoan. Askondon 15 leize-hartz baino gehiagoren hezurrak aurkitu izan dira. Hezur horietako hainbat konbinatuz, leize-hartz eme baten eskeletoa osatu dute eta gaurtik aurrera, ikasturte osoan, Hontza Museoan egongo da ikusgai.

“Bizkaiko leize-hartzen bilduma garrantzitsuena museo honetan dago”, adierazi du Asier Gomezek gaurko aurkezpenean. Gomez museoko komisarioetako bat da eta baita EHUko ikertzailea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da.

Ikusgai dagoen leize-hartzaren garezurrak badu berezitasun bat. “Alde batean haginak ditu baina beste aldean ez, ez zitzaizkion irten. Hala ere, ia helduarora arte bizi izan zen”, zehaztu du Gomezek.

Erakusketak hainbat osagai ditu. Esaterako, eskeletoaren ondoan, beira-arasa baten barruan, tamaina desberdinetako beste hiru leize-hartzen garezurrak batu dituzte, argibide-panelekin lagunduta.

Hartz arrearekin duen lotura

Leize-hartza desagertuta dagoen arren, gaur egunean bizi den beste espezie batek, hartz arreak, badu loturarik orduko harekin. “Hezurren ikerketa genetikoak erakusten du, hartz arreak leize-hartzaren ADNaren zati txiki bat gordetzen duela”, azaldu du Gomezek.

Leize-hartza orain 25.000 urte inguru desagertu zen, hotz handi-handiko aldi batean, baina milaka urte lehenagotik, Homo Sapiens espeziea Europara heldu zenetik, hain zuzen, hartz kantitatea murrizten joan zen, apurka-apurka. “Homo Sapiens-a orain 45.000-40.000 urte heldu zen Europara. Ondorioz, hurrengo milaka urteetan ekosistemetan aldaketak eman ziren eta megafaunako espezieak desagertzen joan ziren: leize-hartzak, Neanderthalak, kobazuloetako hienak, leopardoak… Biodibertsitatea asko murriztu zen”, adierazi du Gomezek.

Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Ainara Otxotorena Mañariko alkatea eta Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidentea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!