Mañariko mendi martxa berria Leunganetik eta Artatzagenetik igaroko da domekan

Joseba Derteano 2019ko urr. 2a, 10:27

Kirol Errota eta Sekuleberra klubek antolatuta, martxak 19 kilometro izango ditu, Mañariko plazatik abiatuta.

Mañariko inguruan ezagutzera emateko helburuz, mendi martxa berri bat antolatu dute Kirol Errota eta Sekulebedarra klubek domeka honetan. 09:00etan jarri dute hitzordua herriko plazan. Izen-ematea 12 euro da eta egunean bertan egin daiteke martxa hasi baino arinago. Mañariko Udalaren eta Tabirako Jai Batzordea ekimeneko laguntzaileak izango dira. 

"Mañariak inguru ikusgarriak ditu. Ni mendi bizikletan ibiltzen naiz eta ezagutzen dut. Hori guztia ezagutara emateko martxa bat antolatzea ideia interesgarria iruditu zitzaigun eta horregatik egin genuen proposamena", adierazi du Juanjo Fondado Kirol Errota klubeko kideak.

19 kilometroko bidea

Ibilbideak 19 kilometro izango ditu. Urkuleta auzotik Saibirantz hartuko dute. Eskuagatxera igo barik, berau  inguratu eta Iñunganera irtengo dira. Han hornidura puntu bat kokatuko dute. Indarberritu ondoren martxako tontor biak igotzeari ekingo diote: bata bestearen segidan dauden Artatzagane eta Leungane. Handik aurrera beheranzko bidea da; Mugarrikolandara lehenengo eta Mañarira ondoren, pistatik. 

Parte hartzaileentzat dutxak egongo dira eta mendi martxako kamiseta bat jasoko dute opari moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!