“Etxeko errepideetatik pasatzen diren etapak oso bereziak izaten dira beti”

Maialen Zuazubiskar 2019ko abu. 30a, 11:00
Argazkia: Euskadi-Murias (@PhotoGomezSport)

Mikel Bizkarra mañariarra bere bigarren itzuli handia lehiatzen dabil. Euskadi-Muriaseko txirrindularia gogotsu dago Espainiako Vuelta on bat egiteko. 

Zapatutik hona Espainiako Vuelta lehiatzen zabiltza. Zer moduz doaz lehenengo lasterketa egun hauek?
Egia esanda, lehenengo egunak, batez ere taldekako erlojupekoa eta bigarren etapa, tentsio handikoak izan dira. Egun horietan ez naiz oso ondo sentitu, baina dagoeneko beste lasaitasun bat sentitzen da tropelean, eta askoz ere erosoago nago. Gainera, aste hasierako etapak lauak izan ziren eta lasai hartu nituen. Orain, ostera, mendiko etapak datoz eta aurrean ibiltzea itxaroten dut.

Aurtengoa bigarren itzuli handia duzu. Iazko esperientziak balio du aurtengorako?
Jakina. Iazko Espainiako Vueltak konfiantza eman zidan, batez ere. Hiru asteko itzuli batean ondo moldatu naitekeela ikusi nuen, egunetik egunera ondo errekuperatzen naizela, eta, beraz, bigarren eta hirugarren asteetan lehiakorra izan naitekeela. Esparantza horregaz, aurten konfiantza gehiagogaz etorri naiz, eta  gorputzak iazko moduan erantzutea itxaroten dut. 

Iaz Oskar Rodriguezegaz etapa garaipen bat lortu zenuten Espainiako Vueltan. Aurtengoan beste garaipen bat lortzea dela taldearen asmoa entzun izan dizugu sarritan. 
Nahiko talde indartsua daukagu, aldats gora ondo moldatzen garen hainbat txirrindulari gaude eta. Gainera, Vuelta oso gogorra da, hainbat etapa menditsukoa. Beraz, etapa horietan indartsu dagoen taldekideren bat ihesaldiren batean sartzen ahaleginduko gara. Ea ihesaldi horiek helmugara heltzen diren eta etaparen bat lehiatzeko moduan gauden.

Eta zein da Mikel Bizkarraren helburua Vuelta honetan?
Taldearen helburu bera. Etapak aztertu ditut eta hainbat ditut gorriz markatuta. Vuelta gogorra da, eta, alde horretatik, zortea dut. Beraz, indartsu banago, etorriko dira aukerak. 

Euskal Herriko errepideetatik pasatuko da Espainiako Vuelta. Ilusio berezia duzu etapa horiei begira?
Etxeko errepideetatik pasatzen diren etapak oso bereziak izaten dira. Iaz, Oizen izan genuen etapa amaiera, eta oso berezia izan zen. Seguru nago Bilbon amaituko den etapa oso polita izango dela, eta baita hurrengo egunean San Mamesen irtengo den etapa ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!