Mañariko Haurreskolako kideek botako dute txupinazoa, hamargarren urteurrena ospatuz

Joseba Derteano 2019ko abu. 5a, 10:00

Mañariko haurreskolako kideek botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa, abuztuaren 14an, haurreskola zabaldu zeneko hamargarren urteurrena ospatzen ari direlako aurten. 

 Txupinazoaren ondoren, azken urteetako ohiturari eutsiz, Mañariko jaietako Pitxitxi pertsonaia igoko dute balkoira, eta, horregaz batera, lau egun iraungo duten jaietan murgilduko dira mañariarrak.  

Hip hop eta trap doinuak
Jaietako lehenengo egunerako, musika jaialdi bat antolatu dute hip hop eta trap doinuekin. Madrildik dator lehenengo taldea: Tremenda Jauria. Emakumeek osatutako laukoteak trapa lantzen du eta aurten IV izeneko lan berria kaleratu dute. Ezetaerre talde galiziarrean ere hip hop erritmoak nagusitzen dira. Ibilbide laburra daramate, baina oparoa, 2016an sortu zirenetik hona lau disko kaleratu dituzte eta. Jaialdiko hirugarren taldea, Gora Etorri, Durangaldeko musikariek osatzen dute. Hemendik At-en moduko taldeetatik edanda, tekno musika jorratzen dute batez ere.

Doako autobusak
Jaietako hasierako eguneko jaialdiari begira doako autobusak ipiniko dituzte, gauean Mañaritik Durangora joateko. Hain zuzen, 04:00etatik 06:00etara autobusak etenik barik ibiliko dira joan-etorrian, Jai Batzordeak jakinarazi duenez. Neurri horregaz, Mañarira autorik barik joan ahal izatea  erraztu gura dute.

Ruper Ordorikaren zuzenekoa
Musikari oñatiarra abuztuaren 15ean igoko da oholtzara. 1980ko Hautsi da anphora disko ezagunetik iazko Bakarka azken lanera arteko ibilbide zabalari errepasoa emango dio. Bere azken lanak adituen errekonozimendua jaso du. Izan ere, aurtengo martxoan euskarazko diskorik onenaren Etxepare saria jaso zuen.

The Van Music eta The Potes
Rock zaleek ere izango dute zegaz gozatu abuztuaren 16an, San Roke egunean. The Van Music talde berriztarrak 60ko eta 70eko blues eta rock taldeetatik edaten du, Left foot first eta Grow abestietan nabari den moduan. The Potes talde arrasatearrak, ostera, rock eta punk doinuak eramango ditu Mañariko jaietara. 

Azkenik, abuztuaren 17an, jaietako azken egunean, Polekelele elektrotxarangak alaituko du kaleko jai giroa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!