Mañariko Hontza Museoak udako tailerrak antolatu ditu

Joseba Derteano 2019ko eka. 29a, 09:00

Animaliekin lotutako askotariko jokoak egingo dituzte.

Tailerrak 6 eta 10 urteko gaztetxoei bideratuta daude. Bi txanda antolatu dituzte: uztailaren 3an eta 4an, eta, uztailaren 10ean eta 11n. Goizetan izango dira, 11:00etatik 13:00etara. Egun bakoitzeko prezioa 2 euro da. Izen-ematea honako helbide elektronikoan egin daiteke: info@hontzamuseoa.eus.

Uztailaren 3an eta 10ean, ‘Animaliak errenkadan’ izeneko ipuinaren kontaketarekin hasiko dute eguna, 11:00etan. “Umorea, jolasa eta sorpresa ugari” gordetzen dituen kontaketa izango dela aurreratu dute museotik ohar batean. Ondoren, 11:30ean, ‘Katu-basatiak’ izeneko jokoan, espezie horretako animalien bila arituko dira museotik. Elikadura katean zergaitik diren garrantzitsuak ikasiko dute gazteek, baita euren ohiturak zeintzuk diren ere.

Uztailaren 4ko eta 11ko ‘Indarra elkartasunean dago’ jokoa honela laburbiltzen dute museoko kideek: “Oilo bat oilotegitik desagertu egin da. Edozer gauza egingo dute bera topatzeko. Baina, nola antolatuko dira?”. Ondoren, 11:30ean, espezie inbaditzaileei buruzko azalpenak emango dituzte.

Egun denetan, 12:30ean, museoko aretoak bisitatu eta biodibertsitatean dagoen aniztasuna ezagutuko dute gazteek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!