Saibigaineko bataila eta errefuxiatuak gogoratuko dituen murala marrazten dabiltza Mañarian

Joseba Derteano 2019ko mai. 29a, 08:50

Frontoiaren eta kanposantuaren artean gune bat sortuko du udalak, gerra zibilean gertatutakoa gogoratzeko. Gune horretako osagai bat pilotalekuaren horma batean egiten hasi diren mural bat izango da.

Bilboko Wallart enpresako kide bi dabiltza lan horretan. 6 metroko altuera eta 28 metroko zabalera izango ditu irudiak, eta hainbat osagai izango ditu. Alde batean, soldadu bat marraztuko dute, Saibigaineko batailari erreferentzia egingo diona. Beste aldean, gerra zibilak eragindako errefuxiatuen drama islatuko dute. Helburu "pedagogikoz" sortutako murala dela adierazi du Endika Jaio alkateak. "Sasoi batean euskaldunek kanpora joan beharra izan zutela ere gogoratu gura izan dugu", azaldu du.

Spraiagaz pintatuko dute, eta zuri-beltzeko murala izango da. "Kolore horiek gura duguna transmititzen laguntzen digute, iraganeko istorio bat kontatzen ari garela, hain zuzen ere. Gainera, inguruagaz bat egiten duten koloreak dira", adierazi du Aarón Diego Wallart enpresako kideak.

Eguraldia ez dute lagun izan hainbat egunetan, eta, horren ondorioz, ezin izan dute gura beste aurreratu. Murala amaitzeko, beste aste bi beharko dituztela kalkulatzen dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!