Mañariko Hontza Museoak “harrera ona” jaso du ate irekien jardunaldietan

Anboto 2019ko mai. 25a, 09:00

Ate irekien jardunaldiko irudia Enrike Huertarekin.

Joan zen asteburuan Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako saioetan 119 bisitari izan zituzten.

Jardunaldiek izan duten “harrera ona” eta “erantzun baikorra” ikusita arduradunek datozen urteetan ekintza errepikatzea espero dute, museoko kideek ohar batean azaldu dutenez.

Bisita gidatuaz gozatzeaz gain, gehigarri modura biltegia eta laborategia ere ikusgai egon ziren. Bertan Fundazioko Lehendakaria den Enrike Huerta lanean ikusi zuten. Lehorturik gordetzen diren aleak edo likidotan daudenak ikusita, museo bateko zirrikituak deskubritu zituzten bisitariek, eta baita ulertu ere zein garrantzitsua den mota horretako biltegietan zorroztasunarekin lan egitea. “Ez da lan erraza, kontutan hartzen badugu Hontza Museoak erakusketa leku arazoak dituela eta funtsetan, kutxetan eta apaletan, 38.000 ale baino gehiago gordeta dituela jakinda”, adierazi dute.

Museoaren handitze lanek momentuz “itxaron” beharko dutela diote, baina bertako arduradunak “baikor” agertzen dira eta apurka-apurka museoak “bisitari gehiago” jasotzea espero dute, eta horrekin batera, kontserbazio, ikerketa eta zabalkunde lanetan jarraitu ahal izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!