Mañariko ezpatadantzarien taldea plazara irten da, Aste Kulturala aitzakia hartuta

Jone Guenetxea 2019ko mai. 21a, 11:55

Orain urte bi, neska talde batek Dantzari dantza ikasi zituen Mañariko jaietarako. Horixe izan zen taldearen debuta. Publikoaren txalo artean zapaldu zuten herriko plaza. Jende faltaren ondorioz, urte bian taldeak ez du aurrera egin. Partaide berriekin ezpatadantzariak indarberrituta irten ziren Mañariko plazara, maiatzaren 11n.

Leire Huerta da talde horretara oraintsu sartu den dantzarietako bat. "Dantzari dantza Durangaldeko Ezpatadantzari Egunerako prestatzea zen gure asmoa. Data aldatu dutenez, azkenean, Aste Kulturalean dantza egitea pentsatu genuen, eta itzela izan da herriko plazan dantza egitea. Oso urduri nengoen", dio Huertak. Maiatzaren 11n izan zen mañariarraren debuta. "Txikitan, 10 urtera arte, Tronperrin ibili nintzen dantzan, baina ez nituen dantza hauek ikasi", gogoratu du Hontza museoko presidenteak. Taldea urtarrilean hasi zen entseatzen, hitzordua astean birritan jarrita. Dantzari dantza osoa ikasi dute, Augusto Alves irakasle dutela. "Augustogaz oso eskertuta gaude. Pazientzia itzela izan du gugaz", aitortu du dantzariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!