Ekainaren 1ean Mañarian ospatuko den III. Garagardo Azoka aurkeztu dute

Joseba Derteano 2019ko api. 30a, 11:34
Ezkerretik eskumara: Endika Jaio Mañariko alkatea, Ainara Otxotorena haurreskolako hezitzaile eta koordinatzailea eta Ekaitz Alberdi Garai Brewing Company-ko kidea gaurko prentsaurrekoan.

Garai Brewning Company eta Mañariko Udalarekin batera, aurten Mañariko Haurreskola ere III. Garagardo Azokako antolatzaileen artean dago, sortu zeneko 10. urteurrena dela ospatzeko.

Azoka egunean egongo diren txalaparta saioa, magia ikuskizuna zein elektrotxaranga, besteak beste, euren ekarpena izango dira.

Azoka ekainaren 1ean izango da eta bost ekoizleren garagardoa dastatzeko aukera eskainiko du. Bik iaztik errepikatuko dute: Garai Brewing Company eta Baobeer (Elgeta). Gainerako hirurak berriak dira: Saltus Garagardoa (Murgia), Mitika Garagardoa (Iruñea) eta BorBor Brewery (Deba).

Taloen show-a eta musika bataila

Arratsaldean zehar askotariko ekimenak prestatu dituzte giroa berotzeko. Esaterako, taloen inguruko show bat eskainiko du Eko Talo-k. Tradizioa eta berrikuntza uztartuz, talo bereziak prestatzen dituzte onddoekin, langostinoekin eta antzerako osagaiekin beteak. Mikrofonoa eskuan, taloak zuzenean prestatuko dituzte.

Musika bataila da beste berezitasun bat. Eskualdeko hainbat taldek 20 bat minutuko saio akustikoak eskainiko dituzte eta talderik onenentzako sariak egongo dira.

Auzolanean egindako garagardoa dastagai

Eguerdian herri bazkaria egingo dute eta Mañarian bertan egindako garagardoa dastatzeko aukera izango da. Izan ere, zapatu honetan garagardoa egiten ikasteko ikastaroa antolatuko du Garai Brewing Companyk eta orduan modu artesanalean egindako garagardoa azokako bazkarian edateko gordeko dute. Oraindik ikastaroan parte hartzeko plazak badaudela jakinarazi dute antolatzaileek.

Autobusak dohainik

Urtero legez, doako autobusak egongo dira Mañarira joateko zein handik itzultzeko. Durangoko Madalenatik 18:00etan, 20:00etan, 21:00etan eta 22:45ean irtengo dira. Mañaritik, aldiz, 22:30ean, 23:20an, 01:00etan, 02:00etan eta 03:00etan irtengo dira.

EGITARAUA – EKAINAK 1

13:30. Txalaparta saioa.

14:00. Herri bazkaria.

17:00. Azokaren hasiera eta brindisa.

18:40. Elektrotxaranga.

19:00. Show Cooking Eko Talorekin.

20:30. Musika bataila akustikoa.

23:00. Garagardo sorten zozketa.

23:15. Musika batailaren sari banaketa.

02:00. Itxiera

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!