2018ko likidazioa itxi ostean, Mañariko Udalak 2011n baino 400.000 euro gehiago ditu soberakinean

Joseba Derteano 2019ko api. 10a, 10:09

Azken ekitaldiaren itxiera egin ostean, Mañariko Udalak 850.000 euroko soberakina dauka altxortegian, gobernu taldeak ohar batean jakinarazi duenez. Aipatutako kopuru honek "agerian" uzten du erakundearen "aurrekontu-egonkortasun eta oreka ekonomikoa", gobernu taldearen iritziz.

Aipatutako kopuru horren arabera, 2011an —EH Bilduk alkatetza eskuratzean— baino 400.000 euro gehiago daude altxortegiko soberakinean gaur egun.

Zorra laurdenera jaitsi dute
Horrez gainera, gobernu taldetik informatu dutenez, 2011ko zorra 850.212 eurokoa zen eta berau laurden batera gutxitzea lortu dute; hau da, gaur egun 212.705 eurokoa da zorra, hain zuzen ere. Horrela, gaur egun udalak "201.107 euroko finantziazio gaitasuna" duela adierazi dute gobernu taldekoek. "Datu ekonomiko hauek guztiek azken zortzi urteetan Mañariko Udalean egin den kudeaketa ona baino ez dute egiaztatzen, eta agerian uzten dute udalak duen etorkizun oparoa arlo ekonomiko eta finantzarioan", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!