“Gazteei gero eta gehiago kostatzen zaie entrenatzea”

Joseba Derteano 2019ko api. 2a, 08:47

Ruben Gorospek eta Miguel Indurainek Deustuko taldearen urteurrena gogoratuko duen plaka inauguratu zuten joan zen asteburuan, taldearen beraren egoitzan. Ekitaldi beraren barruan, oroigarri bana jaso zuten biek Bilboko alkatearen eskutik.

Sarritan ikusten duzu Miguel Indurain?
Noizerik noizera elkar ikusten dugu, baina ez askorik ere. Afizionatuetatik ezagutzen dut, bera Reynoldsen eta ni Baquén ibili ginenetik. Orduan, lehia handia geneukan eta parean ibiltzen ginen. Bera gehiago zen erlojupekoan, baina, aldapan gora, ni hobea nintzen. Gogoan dut, behin, Nafarroako Itzulian berak bigarren eta nik hirugarren amaitu genuela. Beste behin, Bizkaiko Bira berak irabazi zuen, eta nik bigarren egin nuen.

Gero, Reynolds taldean biak batera ibili zineten.
Bai, ia batera debutatu genuen profesionaletan. Urte haietan lagun ona izan nuen. Mañariko nire etxera etortzen zen. Oporretan ere elkarregaz joandakoak gara. Behin, Marino Lejarreta, Indurain eta hirurok Dominikar Errepublikara joan ginen. Miguel pertsona jatorra eta umila da.

80ko hamarkadan Reynolds eta 90ekoan Banesto —izena aldatuta— talde erreferenteak izan ziren eta bederatzi urte eman zenituen bertan. Zerbait esan gura du.  
Bai, bada zerbait. Goi mailako txirrindulariak zeuden eta asko ikasi nuen eurekin. Hainbeste urtean proiektu hari neure ekarpena egin izana polita da. Nik neukana emanez. Indurainek irabazi zuen Italiako Giro batean, gogoan dut han ibili nintzela laguntzen. Zoritxarrez, ezin izan nuen Giro hura amaitu, eroriko bategatik. Eskua eta lau saihets apurtu nituen.

Laguntzaile lana nahikoa errekonozituta dagoela uste duzu?
Lehen bai, orain ez. Orain, UCI Pro Tour-a dela-eta, txirrindulari bakoitzak bere puntuak batu ditzake. Zenbat eta puntu gehiago, talde hobera batu ahal zara… Lehen, ez zegoen horrelakorik.

Orain lehen baino kirol indibidualagoa da txirrindularitza?
Kasu askotan, bai. Lehen, talde barruko armonia oso garrantzitsua zen. Orain ere bai, e? Baina esango nuke lehen gehiago zela. Gure sasoian, 100 kilometrotan dena eman, taldeari lagundu, eta, gero, indarra gordetzen ahalegintzen zinen hurrengo egunari begira. Bazenekien zure lana ondo eginez gero baloratuko zela, taldean jarraitzeko aukera eskainiz, esaterako. Baina, gaur egun, emaitza edo postu onik ez badaukazu, zailagoa da. Beraz, indarra gorde bai, baina postuak egiten ere saiatzen dira txirrindulariak. Hau da, ez desentonatzen ahalegintzen dira, zuzendariaren arreta erakartzeko-edo. Morroi lana ez da hainbeste errekonozitzen, eta txirrindularitza lehen baino indibidualagoa da.

Atzera begiratuta, une batzuetan zeurekoiago jokatu ez izanaren penarik baduzu? Edo beste erabaki batzuk hartu ez izanarena?
Pentsatu, pentsatzen duzu, baina gatxa da esatea zer gertatuko zen beste erabaki batzuk hartu izan bazenitu. 18 edo 19 urte nituenean, Teka taldera batzea eskaini zidaten. Hara batu banintz, beste kontu bat izango zen? Ez dakit. Eta, Baneston ere, batzuetan izango nuen indarra gehiago egiteko, baina taldeagatik sakrifitu behar izan nuen. Hala ere, ez naiz hartutako erabakiez damutzen. Asko bidean geratzen dira. Bederatzi urte eman nituen Reynoldsen eta Baneston; Espainiako bost Itzuli, Italiako Giro bi eta Tour bat lehiatu nituen eta uste dut nire lana nahiko baloratua zela taldean. Beti ilusioz ibili nintzen. Beraz, pozik nago profesionaletan egin nuen bideagaz.  

Cafés Baqué taldean zabiltza azkeneko urteetan.
Sasoi batean, kirol zuzendari jardun nuen, baina, gaur egun, lasterketa batzuetan bakarrik laguntzen dut. Ez dut barru-barrutik bizi. 55 urte ditut eta bizimodu lasaiagoa gura dut. Iaz, Lizarte taldeko zuzendari kargua eskaini zidaten eta ezetz esan nien.

Gatxa da gazteekin lan egitea?
Lehen, beste giro bat zegoen afizionatuetan. Gazteei gero eta gehiago kostatzen zaie entrenatzea. Mugikorra dela, interneta dela… Entrenatu ezik, txirrindularitzan ez dago zereginik. Ez dago biharko uzterik.

Txirrindulari profesional askoren sorterria da Mañaria. Mikel Bizkarra da azkena. Zelan ikusten duzu?
Beretzako talde aproposean dabilela uste dut. Banestoren moduko talde batean, adibidez, zeregin zehatzak dituzu eta ez duzu luzitzeko aukerarik. Muriasen, ostera, bere lasterketa egin eta postu ona lortzeko borrokatu daiteke. Oraintxe du adinik onena dena emateko, eta maila aparta duela erakutsi du. Iaz, lasterketa bat irabazi zuen eta hori lortzea oso zaila da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!