Mañarian egon daitezkeen hidrokarburoak ikertzeko baimenaren kontra egin du udalak

Joseba Derteano 2019ko mar. 20a, 15:30

Iazko urrian, Eusko Jaurlaritzak zenbait baimen eman zituen Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat eremutan egon daitezkeen hidrokarburoak ikertzeko. Mañaria baimen horietako baten eragin eremuan dago. Ildo horretatik, egitasmoa geratzeko eskatzen duen mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk joan zen asteko udabaltzarrean, eta EAJk babestu egin zuen.

Jaurlaritzak Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) erakunde publikoari eman zizkion baimenak. Euskal Energiaren Erakundeak sortutako erakunde honek EAEko energia hornidura dibertsifikatzen laguntzea du helburu. Lurrazpian dauden hidrokarburoak dira SHESAren jarduera eremu bat. Ildo horretatik, hainbat eremu ikertzeko 2011n egindako eskaeren erantzuna da iazko urrian jaso zuena. Eremu horiek Landare, Lore eta Sustraia deitzen dira eta Mañaria Lore esparruaren barruan dago, Durangaldeko beste herri batzuekin batera. Horren aurrean, aho batez onartutako mozioaren bidez, udaleko alderdi biek "kezka" adierazi dute baimenak udalerrira ekarri ditzakeen ondorioak direla-eta. Mañarian mota horretako ikerketak "geratzeko" eskatzen diete SHESAri, Euskal Energiaren Erakundeari zein Jaurlaritzari. Aldi berean, ikerketa mota horietara barik, energia berriztagarriak indartzeko proiektuetara bideratutako diru-laguntzak "handitzeko" eskatzen dute.

Egoera bere osotasunean hartuta, baimen berriekin Euskal Autonomia Erkidegoko azaleraren "%50 baino gehiago" geratzen da hidrokarburoak ikertzeko baimenen eraginpean, onartutako mozioak jasotzen duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!