Kirolguneko gela bakoitzean zenbat diru inbertitu erabakitzeko, bozketa hasi dute Mañarian

Joseba Derteano 2019ko ots. 14a, 13:14

Kiroldegi berria zelan hornitu jakiteko, prozesu parte-hartzaile bat garatu du udalak herritarrekin.  Guztira, 45 lagunek parte hartu dute, eta 13 proposamen jaso dituzte. Bideragarritasun teknikoa eta antzerako irizpideak kontuan hartuta, talde teknikoak erabilera bakoitza zein espaziotan kokatu zehaztu du.

Azalpen horiek eguaztenean egindako herri batzarrean eman zituzten. Orain, gela bakoitza hornitzea falta da eta herritarrek erabakiko dute, bozketa bidez, gela bakoitza hornitzera zenbat diru bideratu.

Frontoiko lehen solairuko aurreneko gelan erabilera anitzeko gunea egitea proposatu du talde teknikoak. Hurrengo gelan makinadun gimnasioa joango da eta azkenekoan, sasoi bateko liburutegian, erabilera anitzeko beste gela bat. Funtzio anitzeko gelek erabilera mota bi izango dituzte: kirol orokorretarako eta kirol alternatiboetarako erabiliko dira. Azkenik, frontoiaren kanpoaldean sortu duten aterpea umeentzako aisaldi jardueretarako erabiliko da.  

Lehentasunak bozkatu
Udalak 25.000 euro jarriko ditu proiektu honetarako. 10.000 euro makinadun gimnasio hornitzeko erabiliko dira eta 5.000 euro, egokitzapen orokorretarako. Beraz, 10.000 euro geratzen dira erabilera anitzeko gelak eta aterpea hornitzeko. Bozketa espazio horien ingurukoa izango da. Izan ere, gune horietan ez dute diru kopuru berdina inbertituko: 5.000, 2.500, 1.500 edo 1.000 euro gastatuko dituzte gune bakoitzean. Horrela, herritarrek lehentasunak erabaki ditzakete. Diru kopuru bakoitza zertarako erabiltzea komeni den bozkatu dezakete.

Bozketak otsailaren 21era arte iraungo du, eta prozesuarekiko interesa dutela erakutsi duten herritarrek parte hartu dezakete. Modu bi daude parte hartzeko: eskuorria bete eta herrian jarri dituzten buzoietan sartzea edo galdetegi digital bat betetzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!