Frontoiko kirol gune berria zelan hornitu proposatu dezakete Mañariko herritarrek

Joseba Derteano 2019ko urt. 17a, 10:50

Datorren asteko eguaztenean batzar ireki bat egingo du udalak Errose Bustintza kultur etxean.

Duela urte batzuetatik hona Mañariko Udalak prozesu parte-hartzaileen bidez erabakitzen du aurrekontuetako zati bat zertan erabili. Aurten, herritarren iritziak kontuan hartuta, diru zati hori frontoiko kirol gune berria —pasilloak eta liburutegi zaharrak osatzen dutena— hornitzeko erabiliko dute.

Prozesu parte-hartzailearen bidez espazio horiek zerekin hornitu erabakiko dute. Ondoren, erabilgarri dagoen diru-poltsa zehaztutako baliabide horietara bideratuko dute.

Helburu horrekin batzar ireki bat egingo dute datorren asteazkenean, 18:30etik 20:00etara, Errose Bustintza kultur etxean. Buzoiz buzoi banatutako eskuorriak dira proposamenak udalera helarazteko beste modu bat.

Otsailaren 13tik aurrera bozkatzeko epea

Jasotako ideia guztiak antolatu eta aztertu ondoren, otsailaren 13an beste saio bat egingo dute proposamenak plazaratzeko. Une horretatik aurrera proposamenik gustukoena bozkatzeko epea irekiko dute.

Prozesuarekiko interesa erakutsi duten herritarrek parte hartu ahal izango dute bozketan. Horretarako hiru modu daude: Batzar ireki bietako batera joatea —urtarrilaren 23koa zein otsailaren 13koa—, etxean jasotako eskuorrietan horrela adieraztea eta eskuorria udalera helaraztea edo internetez zabaltzen dabiltzan galdetegia betetzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!