Frontoian kirolgunea egiteko lanak hilabeteren barruan hasiko dira

Joseba Derteano 2018ko aza. 22a, 09:00

Mañariko frontoian kirolgune bat sortzeko lanak hilabeteren barruan hasiko dira eta Indenort enpresak egingo ditu. Aurkeztutako bost eskaintzen artean enpresa honek jaso du baloraziorik onena kontratazio mahaian. Eskaintza ekonomikoa 167.000 eurokoa izan da, BEZ barik.

Frontoiko lehenengo pisuan, pasilloa zegoen tokian, gela berri bi sortuko dituzte. Gela bakoitzak 53 metro karratu izango ditu. Gainera, frontoiaren kanpoalderantz aterpe bat sortuko dute, alde batetik bestera. 2019 hasieran prozesu parte-hartzaile bat egingo dute herritarrekin, espazio berriei zer nolako erabilera eman pentsatzeko.

Azken udalbatzarrean EH Bilduren aldeko botoekin esleitu zituzten lanak. EAJk kontra bozkatu zuen. "Premia handiagoak ikusten ditugu, aparkaleku bat esaterako", adierazi zuen Jose Jabier Elkoroiribe zinegotziak. Endika Jaio alkateak (EH Bildu) jeltzaleen ezezkoa kritikatu zuen. "2018ko aurrekontuei eta ekainean proiektuari egindako kreditu gehikuntzari baiezkoa eman zioten. Zer aldatu da ordutik hona? Orduan beharrizana zegoen eta orain ez? Ez dute ezer esan azken unera arte, ez dute proposamen bakar bat egin". Jeltzaleen "utzikeria" salatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!