“1.000 eurogatik eduki dezakezu auto klasiko bat”

Aitziber Basauri 2018ko aza. 11a, 10:30

Auto klasikoetarako zaletasunak lo ordu asko kendu dizkio Eduardo Moronattiri (Mañaria, 1956). Hiru auto kutun ditu etxean, eta, tarteka, errepidera ateratzen ditu.  Auto klasikoen rally zein ibilbideetan  sortzen den giroa gustatzen zaio mañariar honi eta nabarmendu gura du dirua ez dela ezinbestekoa auto klasikoez gozatzeko.

Noiztik datorkizu motorraren munduarekiko grina?
Gaztetxotatik. 14 bat urte nituela, inguruan antolatutako rallyetan parte hartzen nuen, motoekin eta autoekin, beti baliabide gutxigaz.  Emazteagaz ere ibilia naiz, baina, 24 urtegaz, ezkondu nintzenean, zaletasuna alde batera utzi nuen.

Gero etorri dira auto klasikoak?
Orain hamar urte, sei lagun batu eta Durangoko auto klasikoen ra-
llya antolatu genuen. Gustura ibili nintzen, baina gurago nuen parte hartu. Bada, auto bat bilatu eta halako ekitaldietarako prestatu nuen. Auto klasikoen eskutik heldu diot berriro motorraren munduari. Azken urteetan gainbehera joan da Durangoko Rallya, baina ea datorren urtean indarrak batu eta berriro heltzen diogun.

Zaletasun garestia da motorrarena?
Auto klasiko batek Van Gogh batek beste balio dezake; 20 milioi euro ere bai. Salbuespena dira. Baina 1.000 eurogatik ere eduki dezakezu auto klasiko bat; mundu oso zabala da. Autoan ibiltzeko ez da beharrezkoa aberatsa izatea, edonor zaletu daiteke motorrera. Izan liteke garestia, baina baliabide gutxigaz ere oso ondo pasatu dezakezu. Baliabide askorik ez duen gazte batek badu aukera honetan sartzeko, apurka. Zaletasuna behar da lehenik, eta autoari denbora eskaintzeko leku bat ere bai.

Ezinbestekoa da hori...
Bai. Eta lagundu zaitzaketen lagunak badituzu, hobeto, beti garajera eramateak diru asko eskatzen du eta. Urte hauetan asko ikasi dut, asko galdetu, eta, zorionez, lagun asko ditut. Honetan gabiltzanon artean sortzen den harremanak hori du ona.

Zein izan da egindako lanik zailena?
Kaliforniatik (USA) eramandako 1957ko MGA Coupe bat ekarri nuen Ingalaterratik, orain hiru urte. Oso hondatuta zegoen eta erabat berriztu dut. Urtebetean amaitu gura nuen eta hiru behar izan ditut. Hor dago internet, baina atzerriko autoentzat kanpoan topatu behar da dena. Hala ere, entretenimenduaren zati da.

Piezak aurkitzea da zailena?
Piezak prezio onean lortzea da zaila. Badaude ondo dauden bigarren eskuko piezak, baina begiratu egin behar. Edozein kotxetako piezak katalogatuta daude eta badago etxeari eskatzeko aukera. Baina garestiago irtengo zaigu.  

MGA Coupe hori duzu kutunena?
Hiru auto klasiko ditut, gehien gustatzen zaizkidanak. Ia seme-alabatzat ditut. Asko maite ditut  eta bakoitzak bere istorioa du. Rallyetarako hartu nuen lehena: Fiat 124 Spider. Gaztetan ikusitako kotxea da, 60ko eta 70eko urteetako onena. Lehiatzeko aldatu egin nuen, Durangoko Rallyaz geroztik. Bigarrenaren bila Belfastera (Irlanda) joan nintzen: Lotus Seven bat. Hartu dudan azkena da MGA Coupea.

Zein auto gustatzen zaizu gehien?
Lancia Strato. Rallyen mundua gustatzen zait, lasterketetarako autoen mundua. Ez nuke inoiz Rolls Royce bat izango, adibidez.

Berezia da horrelako auto bat gidatzea?
Denborak aurrera nola egiten duen ohartzen zara. Auto hauek askotan gaztaroagaz lotzen ditugu eta xarma berezia du horrek.

Abizen italiarra duzu: Moronatti.
Bai, nire senitartekoak orain 200 urte etorri ziren Bilbora. Basurtuko ospitaleko ongileetako bat izan nuen arbasoetako bat, eta beste batek Athleticen jokatu zuen, 20ko urteetan. Orain jubilatuta nago, eta baliteke abizenaren hariari tiraka hastea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!