Mañariko kobazulo batean garbiketa egin eta 400 kilo zabor atera dituzte espeleologoek

Markel Onaindia 2018ko urr. 30a, 09:09

Eskuagatxeko mendiguneko E-26 leizean egin zuten garbiketa Euskal Espeleologoen Elkargokoek, joan zen eguenean. Hamarkadetan zehar pilatutako zaborra atera zuten; nabarmendu dute zaborraren gehiengoa beirazko botilak izan zirela. "Leizea sakonune baten ertzean dago, eta 11 metro sakon baino ez da. Hala ere, sinesgaitza da hain zulo txiki batetik zenbat zabor atera daitekeen", adierazi dute prentsa oharrean. Abadiñoko Gema espeleologia taldekoek ere parte hartu zuten garbiketan.

Topatutako zakarra ontzietan sartu eta soken bidez kanpora atera zuten espeleologoek. "Goiz osoa behar izan genuen hamarkadetan pilaturiko zabor guztia ateratzeko", ohartarazi dute. Gero, materien arabera sailkatu zuten guztia. Beiraz gainera, plastiko eta metalezko ontziak zeuden, eta baita errefusa ere. 

Espeleologoen arabera, E-26 zenbakidun leizea Eskuagatxeko mendiguneko hegoaldeko muturrean dago, Akalarratik Artzateko txaboletara doan bidearen albo batean. Bertara iristeko modurik errazena Urkiolatik datorren baso-pista hartzea da.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!