"Badakigu Oizko etapak ilusio berezia egiten diola Mikeli, eta geu ere han izango gara bera animatzen"

Maialen Zuazubiskar 2018ko ira. 8a, 12:15

Eneko Lejarreta, Gorka Bizkarra, Illart Zuazubiskar eta Alex Unzueta urduri jarraitzen dabiltza aurtengo Espainiako Vuelta, baina ilusio bereziagaz aldi berean, euren lagun Mikel Bizkarra estreinakoz ari baita itzuli handi bat lehiatzen.  

Urteak pasatu dira txirrindularitzak boskotea batu zuenetik. Hasieran lasterketetan aurkari zirenak entrenamenduetako kide eta lagun kuadrilla bilakatu ziren denbora gutxira. Egun laukoteak itxaropentsu jarraitzen dio mañariarraren ibilbideari. "Mikel itzuli handi batean ikusita oso pozik gaude, eta esan beharra dago emozio handiagaz bizi dugula aurtengo Vuelta", aitortu du Lejarretak.

Gorkak, Mikelen anaia zaharrenak, dagoeneko izan du aukera Euskadi-Murias taldeko txirrindularia Espainiako Vueltan zuzenean ikusteko. "Etxekook sorpresa bat eman gura genion eta Andaluziako lehenengo etapak ikustera joan ginen. Ostean, Covatillako etapan ere izan nintzen. Merezi izan zuen hara joatea Mikel horren zoriontsu ikustearren", azaldu du Gorka Bizkarrak.

Gainontzekoek orain arte telebistaz jarraitu diote lagunaren jardunari. Hala ere, Oizko etapan ez dutela hutsik egingo aitortu dute, lanean jai eskatu behar badute ere. "Badakigu Oizko etapak ilusio berezia egiten diola Mikeli, eta beraz, geu ere han izango gara bera animatzen", aitortu du Unzuetak.

Irailaren 12an Durangaldean amaituko da etapa, eta hor egunean mañariarrek "lasterketaz gozatzea" dute helburu. Gainera, konfiantza osoa dute euren lagunarengan. "Ziur gaude protagonisten artean egongo dela Mikel Oizen, eta zerbait polita egingo duela", esan du Zuazubiskarrek. Horrez gain, itzulia amaitutakoan afari bat zor diela gogorarazi dio laukoteak grupetako kideari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!