"Prozesu oso aberasgarria izan zen adinekoei entzutea, eta asko ikasi genuen"

Joseba Derteano 2018ko abu. 10a, 12:00

Ahozko ondarea jasotzen lanean ibilitako mañariar bik botako dute jaietako txupinazoa

Mañariko ahozko ondarea eta herri hizkerak jasotzen egindako lanagatik, Igone Ikobaltzeta Agirrek eta Maria Luisa Gonzalez de Audikana Loinazek botako dute aurtengo jaietako txupinazoa. Ahotsak proiektuaren barruan, herriko hamar bat adinekogaz batu eta euren testigantzak jaso zituzten. Gaur egun, www.ahotsak.eus webgunean entzun daitezke elkarrizketa horiek, eta Euskal Herriko ondare komuneko parte dira.

Orain zortzi-bederatzi urte egin zituzten elkarrizketak. "Urte batzuk joan direnez, ustekabean hartu dugu txupinazoa botatzearen kontua. Sorpresa hartu dugu, bai, eta poz handia ere bai", adierazi du Ikobaltzeta mañariarrak.

Inork agindu barik, euren kabuz hasi ziren herriko hainbat adinekogaz batzen. "Gaztea zarenean, sarritan ez diozu kasurik egiten nagusiek esaten dutenari. Baina edadeagaz konturatzen zara oso aberatsa dela transmititzeko dutena. Bertsoak eta guk aurretik entzun bako doinuak dakizkite, eta gaur egun entzuten ez diren berbak erabiltzen dituzte. Eta, bizimoduari dagokionez, hainbeste aldatu da azken 50 urteetan! Hori guztia jasotzea kuriosoa eta interesgarria iruditzen zitzaigun", azaldu du Ikobaltzetak. Maria Luisa Gonzalez de Audikanaren esanetan, "adinekoei entzutea prozesu oso aberasgarria" izan zen bientzat. "Asko ikasi genuen", gaineratu du.

Elkarrizketatutako batzuek gerra zibila ezagutu zuten eta horren gaineko istorioak kontatu zituzten. "Gerrako kontuak ateratzea kosta egiten zaie. Hain bizipen txarrak izan zituzten, antza! Hitz eginarazi beharra izan genuen sarritan. Hala ere, inor entzuteko interesagaz sumatzen badute, eurak kontatzeko gogoz egoten dira normalean", dio Gonzalez de Audikanak.

Gerra zibileko kontuetan sakondu zutenetan, kuriositate bat baino gehiago azaleratu zen. "Esaterako, guk lagun moduan ezagutu izan ditugun pertsona bi bando desberdinetan egon ziren gerra zibilean. Beste behin, adineko batek modu batera kontatzen zuen pasadizo bat eta beste batek beste modu batera kontatzen zuen pasadizo bera", gogoratu du Ikobaltzetak. 

Erlazionatuak

Mañariko jai egitaraua

Anboto 2018 uzt 17 Mañaria

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!