Mañariko pilotalekuan kirolgune bat egingo dute

Anboto 2018ko mar. 3a, 09:00
Lehen solairuko pasilloan egingo dute.

Lehenengo solairuko pasilloan dagoen espazioa erabiliko dute kirolgunea egiteko.

Eguenean Mañariko Udaleko aurtengo aurrekontuak onartu zituzten aho batez. Aurtengo proiektuetako bat pilotalekuan kirolgune bat egitea da. Lehenengo solairuan, liburutegi zaharrera joateko dagoen pasilloan egingo dute. “Espazio horrek gaur egun ez du ia erabilerarik”, arrazoitu du Endika Jaio alkateak.

Aurrekontuetan 87.000 euroko diru atala bideratu dute asmo horretara eta falta dena soberakinetik hartuko dute. Espazioa egokitzea, erabilgarri jartzea da lehenengo lana. Pasilloan dagoen espazioa, barrurantza edo kanporantza, apur bat handitzen saiatuko dira. Azpiegitura egokitu ostean, hornitu egingo dute. Herritarrei galdetuko diete zer jarri gune berrian.

Aurreproiektua martxoaren 16rako aurkeztu behar dute Bizkaiko Aldundian diru laguntzak lortu ahal izateko.

Elkarteentzat 15.000 euro gehiago

Aurten herriko elkarteekin prozesu parte hartzaile bat gauzatu du udalak euren beharrizanak jakiteko eta aurrekontuetan jasotzeko. Prozesu horren ondorioa da ondoko erabaki hau: Elkarteek, ohiko diru laguntzetaz gainera, beste 15.000 euro izango dituzte euren beharrizanetarako. Diru hori zelan erabili eta banatu elkarteek euren artean adostuko dute.

Eguenean onartutako aurrekontuen zenbateko osoa 902.000 eurokoa da, iaz baino %9.2 gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!