“Maila oso handia zegoen itzulian. Gustura jardun naiz eta emaitza polita lortu dut”

Joseba Derteano 2018ko ots. 26a, 09:00

Egindako lanagaz gustura sentitzeko arrazoiak ditu Euskadi Murias taldeko mañariarrak. Mendiko etapetan aurpegia eman du eta izen handiko txirrindularien artean lehian ibili da. 

Pozik egindako lanagaz?
Maila oso handia zegoen itzulian. Gustura jardun naiz eta emaitza polita lortu dut. Beraz, bai, pozik nago egindako lanagaz.

Mendiko etapa batean Chris Froomek eta zuk orpoz orpo amaitu zenuten. Zelan gogoratzen duzu?
Etapa mendate gainean amaitu zen. Hiru kilometro pasatxo zituen. Ez zen luzea, baina aldapa oso gogorrak zituen. Une batean erasoak hasi ziren, taldea apurtu egin zen eta banan-banan sartu ginen. Mendate hasieran Froome atzean geratu zen eta, askotan egin duen moduan, bere erritmoa hartuta zuen. Azken kilometro eta pasatxoan harrapatu eta aurreratu egin ninduen. Ordutik helmugara bitartean, denbora guztian bistan izan nuen, baina ezin izan nuen beragaz bat egin. Zazpigarren eta zortzigarren amaitu genuen. Bera zazpi segundo aurretik.

UCI Pro Tour-eko taldez betetako itzulian taldeka bosgarren amaitzea lortu duzue.
Bai, eta etapa batean taldeka lehenengoak izan ginen. Egunero izan dugu baten bat etapa lehiatzeko aukerekin eta ihesaldietan egon gara. Taldeak eskaini duen maila azpimarratzekoa da.

Arlo pertsonalean, zelan daramazu denboraldia?
Kontinental mailatik kontinental profesional mailarako saltoa eman du taldeak eta hori igartzen da. Lasterketa askotan gabiltza. Aldi berean hiru lasterketa desberdinetan egon gara. Nik neuk hamalau lasterketa izan ditut hogei edo hogeitabost egunetan. Beti erakutsi dugula burua da inportanteena.

Zein da zure hurrengo asteetarako agenda?
Denboraldia hasi baino ez da egin eta jada etapa dezente lehiatu ditut. Beraz, aste hau lasai hartzen nabil, errekuperatzeko. Hurrengo hitzordua martxoaren 19an hasiko den Kataluniako Itzulia izango da. Atsedenaldiaren ostean bi-hiru aste izango ditut prestatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!