Jaiak antolatzeko laguntza eskatu du Jai Batzordeak

Joseba Derteano 2018ko ots. 23a, 11:30

Mañariko Jai Batzordeak jende gehiago behar du Andra Mari jaiak antolatzeko eta herritarrei laguntza eskatu diete, herrian postontzietan banatutako gutun baten bidez.

Batzordean parte hartzen duen pertsona kopurua “beherantz” joan dela azaltzen dute gutunean. “Gaur egun dagoen pertsona kopuruagaz ezinezkoa da Mañariko Andra Mari jaiak antolatzea”, azaldu dute. Gaur, 19:00etan, batzar bat egingo dute udalbatzar aretoan eta laguntzeko prest daudenei bertaratzeko eskatu diete.

“Herriko jaiak denonak dira, ez dago adinik ez antolaketa lanetarako eta ezta gozatzeko ere. Jai Batzordearen helburua beti izan da egitarau ahalik eta zabalena egitea. Hori posible egiteko, adin tarte guztietako pertsonak behar dira antolaketa lanetan: nerabe, heldu zein adinekoak ondo etorriak izango dira”, jasotzen du gutunak. Jai Batzordea orain sei urte sortu zuen herritar talde batek udalak egindako deialdi bati erantzun zionean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!