Mañariko elkarteek herritar gehiagoren konpromisoa behar dute ekintzak bultzatzeko

Joseba Derteano 2018ko ots. 14a, 10:07

Udalak hainbat batzar egin ditu herriko elkarteetako arduradunekin. Euren premiak entzutea eta horiek aurrekontuetan jasotzea izan da helburua. Herriari bizia ematen dioten eragileekin harreman zuzena izan gura zuten, ondoren aurrekontuetan ahalik eta irtenbide egokienak eskaintzeko.

Kezka nagusia, ordea, ez dago diru kopuruari lotuta. Herri askotan errepikatzen den ardura azaleratu da Mañariko batzarretan ere: ekimenak antolatzeko eta, kasu batzuetan, euretan parte hartzeko konpromisoa hartuko duen herritar gehiagoren beharra edo laguntasuna.

Garai berrietara egokitzen ari den gizartean, herri askotan ematen den kasua da. Kontua da mañariarrek kezka hori elkarrekin hausnartzeko modua izan dutela, udalak bideratutako batzarretan.

Jai batzordea da, beharbada, arazo horren ondorioak gehien pairatzen ari dena. Urteak aurrera joan ahala, batzordean dabilen jende kopurua gutxitu egin da. 12 bat laguneko hasierako taldea hiru-laukora murriztu da. Lan kantitate bera aurrera eramateko gero eta jende gutxiago dagoela diote jai batzordeko kideek. Jendea ekimenetan parte hartzeko prest dagoela, baina ez antolaketan ardurak hartzeko. Urtero, sasoi hauetan, herri batzar batera deitzen dute, jende berria batzeko helburuagaz, besteak beste, baina deialdiak ez duela funtzionatu izan diote. Horregatik, udalagaz egindako batzarretan, diru kontua barik laguntasun falta dela kezka nagusia azaldu zuten.

Eusebi Bernaola Artatzagan pilota eskolako arduraduna da. Euren kasuan, antolaketan baino parte-hartzean dute kezka nagusia. Noizean behin lagunarteko partiduak antolatzen dituzte herrian, eta, sarritan, “jendea batzea kosta” egiten zaiela dio. Parte-hartze handiagoa gura luke. “Udalak urtean diru kopuru bat ematen badu gauzak antolatzeko, norberak ere erantzun egin behar du”, uste du.

Mugarra ehiza elkarteko Juanlu Alberdik herri askotan gertatzen den “ohiko arazoa” errepikatzen dela dio. “Gogo handiagaz antolatzen dira gauzak, baina parte-hartzea ez da gura adinakoa izaten. Jendea erakartzea kosta egiten da”, azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!