Lepauztaia hautsi ondoren Gasteizko triatloia du urteko erronka nagusi Gorka Bizkarrak

Maialen Zuazubiskar 2018ko urt. 16a, 11:30

Atzo entrenatzen ari zela eroriko izan zuen joan zen astean bizkaiko zirkuituko triatleta onenaren saria jaso zuen Gorka Bizkarrak.

Azken hilabete hauetan zorte handirik gabe dabil Gorka Bizkarra. Mañariarra azaroan apendizitisetik operatu behar izan zuten, eta berriz ere, bere sasoirik onenera iritsi denean lepauztaia hautsi du. "Berriro ere martxa hartzen eta nire mailara heltzen egon naizenean izan dut erorikoa", adierazi du Bizkarrak.

Atzo entrenatzara irten zen Bizkarra, bizikletatik jausi eta lepauztaia hautsi eta aldakan traumatismoa du. "Medikuak haustura nahiko garbia dela esan dit, eta ez dudala ebakuntzarik beharko. Hala ere, beste medikuren batengana joan gura dut beste iritziren bat izateko", esan du mañariarrak.

Horrez gain, martxoaren 4an jokatuko diren Espainiako txapelkak helburu zituela aitortu du. "Ez dakit Espainiako txapelketara helduko naizen, hala ere, ahalegina egingo dut". Bestalde, aurtengo helburu nagusia uztailean jokatuko den Gasteizko triatloira sasoi betean heltzea dela aitortu du Bizkarrak. "Bidean beste trabarik ez aurkitzea espero dut, eta lasterketara maila on batean heltzea", bukatu du mañariarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!