'Mañaria Zabaltzen', udalaren eta herritarren arteko komunikazioa erraztuko duen plataforma berria

Joseba Derteano 2017ko abe. 13a, 16:00

Udalak Mañaria Zabaltzen izeneko interneteko plataforma eta izen bereko mugikorrerako aplikazioa aurkeztuko ditu barikuan, 18:30ean, udaletxeko udalbatzar aretoan.

Interneteko plataformara honako helbidearen bidez sartu daiteke: zabaltzen.mañaria.eus. Izen berdina duen aplikazioa ere deskargatu ahalko da Android eta Iphone mugikorretarako. Herritarrak informatzea zein mañariarrek udalera informazioa helarazteko bideak eskaintzea da helburua; hau da, alde bietarako komunikazioa erraztea eta arintzea.

Alde batetik, udaleko kontuen gaineko albisteak jaso daitezke: Azken orduko jakinarazpenak, kirol zein kultur ekintzen gaineko albisteak, jaietako agendak… Bestetik, herritarrak eurak udalagaz hartuemanetan jarri daitezke, kalean matxuraren bat edo konpondu beharreko zerbait ikusten badute. Aplikazioaren bidez eginez gero, APP berriak inzidentziaren gunea zehazten duen geolokalizazioa du. Testu labur bat eta argazkia bidaltzeko aukera ere eskaintzen du.

Barikurako deialdi irekian beste gai bi ere jorratuko dira: Aurrekontu partehartzailearen gaineko azalpenak eskainiko dituzte eta Tokiko Agenda 21 egitasmoaren barruan 2017an egindako lanak azaldu zein 2018ari begira herritarrek izan ditzaketen ekarpenak jasoko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!