Mañarian herriko bizitza eta ekonomia baldintzatu dituzten paisaiek hartuko dute garrantzia zapatuko ibilbidean. Herriko ekonomian eragin nabarmena izan duten harrobi eta zurgindegiak, eta herriko historiaren parte diren kobazuloak ezagutzeko aukera izango da. 11:00etan euskarazko ibilbidea hasiko dute, eta 17:00etan, gaztelaniazkoa. Ostean, 19:30ean, Yoann Tardivel Erchoff organista belgikarrak kontzertua eskainiko du Mañariko elizan.
Berrizen Besoitaormaetxea baserrian egindako arkeologia lanei eta ikerketei esker, XII. mendetik gure garaira arte egon diren paisaiei errepasoa egingo diete. Era berean, Andikoako santutegira ere joango dira. Kasu honetan ere euskarazko eta gaztelaniazko irteera bana egingo dute.