Mañarian hurrengo urteetan jaitsi egin daiteke jaiotza-tasa eta handitu zahartze maila

Joseba Derteano 2017ko urr. 25a, 09:00

Mañariak jaiotza-tasa handia izan du azken hamarkadan, 30 eta 44 urte arteko herritar asko daudelako (128), baina datorren hamarkadan joera hori irauli egin daiteke, adin tarte horretara helduko direnen kopurua dezente txikiagoa delako: 60.

Mañariko Udalak agindutako ikerketa soziodemografikoak azaleratu duen datuetako bat da. 2027ra bitarteko prospekzio segururik ezin daiteke egin, etorkizuneko migrazio mugimenduak ere aintzat hartu behar direlako. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da udalerritik kanpoko biztanleria erakartzeko gaitasuna izan duela Mañariak XXI. mendean.

30 eta 44 urteko 128 herritarrak biztanleria osoaren %24,7 dira. Portzentaia hori “Hego Euskal Herriko udalerri askorena baino garrantzitsuagoa da”, azterketak jasotzen duenez. Horren ondorio da azken urteetako “jaiotza kopuru handia”; 14 urtera arteko 84 ume daude Mañarian.

Baina adin tarte bi horien artean hutsunea nabari da. 15 eta 29 urte arteko 60 herritar daude, 80 eta 90eko hamarkadetako jaiotza-tasa baxuaren isla. Horregatik egon daiteke jaiotza-tasa baxua datozen urteetan.

Mañariko biztanleria adinaren arabera aztertuz gero, berau etorkizun hurbilean “nabarmen” zahartuko dela jasotzen du azterketak. 2027. urtean zahartze tasa gaur egungoa baino 6 puntu handiagoa izan daiteke. Izan ere, 45-65 urte artekoak adin tarterik handieneko taldea dira: 144.  

Bizikidetza unitateei dagokienez, pertsona bakarrekoak nagusitzen dira (%32). Fenomeno hau landa-eremuan are nabarmenagoa da, herrigunean baino ia hiru puntu handiagoa.

BIZTANLERIA ADIN TARTEKA

0-14 URTE ARTEAN
• Landa-eremua: 24
• Herrigunea: 60
• Guztira: 84

15-29 URTE
• Landa-eremua: 19
• Herrigunea: 41
• Guztira: 60

30-44 URTE
• Landa-eremua: 27
• Herrigunea: 101
• Guztira: 128

45-64 URTE
• Landa-eremua: 44
• Herrigunea: 100
• Guztira: 144

<65 URTE
• Landa-eremua: 47
• Herrigunea: 55
• Guztira: 102

BIZIKIDETZA UNITATEAK
Kide batekoak:
• Landa-eremua: 21
• Herrigunea: 39

Bi kidekoak:
• Landa-eremua: 9
• Herrigunea: 20

Hiru kidekoak:
• Landa-eremua: 12
• Herrigunea: 34

Lau kidekoak:
• Landa-eremua: 10
• Herrigunea: 16

Bost kidekoak:
• Landa-eremua: 5
• Herrigunea: 11
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!