Mañarian hutsik egon daitezkeen 146 bizileku identifikatu dituzte

Joseba Derteano 2017ko urr. 18a, 09:15

Mañarian 320 etxebizitza daude, eta horietatik hutsik egon daitezkeen bizilekuen kopurua handia da: 146. Etxebizitza parkearen egoera jakiteko udalak agindutako azterketak erakusten duen datua da. Beraz, baliteke herri osoko etxebizitza parkearen %45,6k ez izatea erabilera iraunkorrik. “Proportzio hori izugarri handia da”, baloratu dute diagnostikoaren egileek txostenean.

Etxebizitzetan urteko ematen den ur kontsumoa oinarri hartuta atera dute datu hori. Hutsik dauden edo erabilera iraunkorrik ez duten 146 bizilekuetatik 69 landa eremuan daude, eta gainerako 77 etxebizitzak herrigunean daude.

Batez ere eraikin zaharrak dira hutsik daudenak. Balizko bizileku hutsen %53 1950-2000 epealdian eraiki zen. Landa eremuari dagokionez, XIX. mendea baino lehenagokoak dira asko.

Ikerketak jasotzen duenez, herriko biztanleriaren zahartze maila progresiboaren ondorioz gaur egun okupatuta dauden etxebizitza parkearen %6,2 (dozena bat bizileku) hutsik geratzeko arriskua dago hurrengo hamarkadan.

Irtenbide bila
Datu horiek joan zen astean egindako herri batzarrean jakinarazi zituzten. Gobernu Taldeko (EH Bildu) Ismene Uriarte zinegotziak azaldu duenez, bazuten susmoa herriko etxibizitza hutsen kopurua handia zela, eta diagnostikoak susmoa baieztatu du. Errealitate hori abiapuntu hartuta, zer pauso eman aztertzen ari direla esan du. Esaterako, landa eremuetan baserriko etxebizitza bat baino gehiago egin ahal izateko ordenantza moldatzea mahai gainean duten gaia da.

ETXEBIZITZAK GUZTIRA
• Landa eremuan: 116
• Herrigunean: 204
• Guztira: 320

HUTSIK EGON DAITEZKEEN BIZILEKUAK
• Landa eremuan: 69 (%59,5)
• Herrigunean: 77 (%37,7)
• Guztira: 146 (%45,6)

BIZILEKU HUTSAK EGITURAREN ARABERA
Kolektiboak:
• Landa eremuan: 3
• Herrigunean: 47
Familiabakarrekoak:
• Landa eremuan: 55
• Herrigunean: 20
Daturik ez:
• Landa eremuan: 11
• Herrigunean: 10

HUTSIK GERATZEKO ARRISKUAN
(2027ra artean)
• Landa eremuan: 7
• Herrigunean: 5

BIZILEKU HUTSEN ANTZINATASUNA
1950 baino aurrekoak:
• Landa eremuan: 30
• Herrigunean: 13
1951-2000
• Landa eremuan: 27
• Herrigunean: 42
2001-2017
• Landa eremuan: 5
• Herrigunean: 13
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!