Antolatzaileek herriko tabernetan utziko dituzte lehiaketan apuntatzeko paperak, egunaren aurretik. Banaka edo taldeka parte hartu ahalko da, eta norberak aukeratutako pintxoa plazan bertan egin beharko da 14an, jendaurrean. Gero, epaile batek erabakiko du zein den Mañariko pintxorik onena. “Jai-giroan zerbait polita egin eta gero, elkarregaz afaltzea da asmoa”, jai batzordekoek esan dutenez.
Pintxo lehiaketarena ez da gazteekin elkarlanean antolatutako ekintza bakarra. Izan ere, jaien azken egunean talentu lehiaketa egingo dute, herritarren artista dohainak jendaurrean erakusteko.
Mozorro udatiarra
Bestalde, Mozorro Eguneko gaia Udaz blai izango da. Beraz, mañariarrak hondartzara, txiringitora edota oporretara joango bailiran jantziko dira. Mozorrorik onenak saria edukiko du, eta txosnak txiringito eran dekoratuko dituzte.