Leire Huerta: “Ilusioa egiten du horrelako gauza batean parte hartzeak”

Markel Onaindia 2017ko abu. 8a, 10:30

Hontza museokoen eskutik hasiko dira Mañariko jaiak. Enrike Huertak sortutako proiektua Leire Huerta eta Igor Notario dabiltza zuzentzen.

Pozik zaudete txupinazoa botatzeko arduragaz?
Leire Huerta: Garazik deitu zidan, eta hasieran uste nuen udalekuen gai bategatik zela. Pozik gaude, ilusioa egiten du horrelako gauza batean parte hartzeak. Gainera, 30. urteurrena dugu museoan. Erantzukizuna da; urduri gaude apur bat, baina pozik.

Jaietan ere zabalik edukiko duzue museoa, ala oporrak hartuko dituzue?
L.H.: Urte guztian zabalik izaten dugu, eta jaietan ere zabalik egongo da.
Igor Notario: Gainera, Andra Mari egunean sarrera doan ipiniko dugu. Berez ez da garestia –3 euro–, baina jaiak direnez, etortzen denak doan izango du.

Beraz, 30. urtemuga ospatzen zabiltzate.
L.H.: Lehen etapan, Mañarian bertan baina beste eraikin batean egon zen museoa. Ekainaren 5ean bete dira 30 urte zabaldu zenetik. Itxi egin behar izan zen, eta urte piloan horrela egon zen. Hala ere, itxita egon arren, nire aitak lanean jarraitu zuen. Azaroan hiru urte izango dira berriro zabaldu genuenetik. Urtemugaren harira, areto berri bat zabaldu dugu, eta, ondorioz, hainbat ale lekualdatzen gabiltza.

Guztira, zenbat pieza dituzue ikusgai?
L.H.: 1.300 ale daude publikora bistan, baina kutxetan sartuta 37.000 inguru daude. Beraz, badugu zer erakutsi. Nire aitaren helburua iraunkorki aldatzen joatea da. Bere ilusioa kutxetan zegoen dena erakustea zen, pena ematen zion kutxetan gordeta edukitzeak.
I.G.: Apurka-apurka gehiago heltzen dabiltza. Natur zientzien museoa dagoela enteratu, eta etxean disekatuta edukitako animaliak bidaltzen dizkigu jendeak.
L.H.: Eta aitak pozarren jasotzen ditu!

Ikastetxeetako umeei erakustea da zuen asmo nagusia.
I.G.: Museoko areto bakoitzera sartzen direnean hartzen duten emozioa ikustea polita da. Bestalde, herriko parkea berriztuta dagoenez, bertan jolasteko aukera dute umeek. Aparte, bisita kultural bat ere eskaintzen dugu; mendien eta saien kabien inguruko azalpenak ematen ditugu, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!