Garai berrietara egokituz, gune huts horietan etxebizitzak egiteko aukera eman gura du udalak, horretarako eman behar diren urratsak emanda. Udaleko inbentarioaren arabera, 64 baserri daude Mañarian.
Gaur egun, gaitza da baserri batean bigarren etxebizitza bat egitea. Horrela, belaunaldi berriek baserritik eta herritik kanpora bilatzen dituzte bizilekuak. Ondorioz, “auzoak apurka-apurka jende gaztez hustuzen ari dira”, dio Endika Jaio alkateak. “Egoera horri buelta emateko aukera bat etxebizitzak ateratzeko aukera eskaintzea da, eta gazteek, kanpora joan aurretik, gutxienez aukera hori hausnartu dezatela”, gehitu du.
Urte eta erdi barru, prest
Helburua posible egiteko, arau subsidiarioen aldaketa bat egin behar da. Oraintsu, udalak esleipen prozedura abiatu du lan hori aurrera eramango duen enpresa aukeratzeko. Prozedurak ingurumen arloko ikerketa eta Aldundiaren onarpena beharko ditu, besteak beste. “Prozedura osoa amaitu aurretik urtebete edo urtebete eta erdi inguru joango da”, aurreikusi du Jaiok.