Arkarazo: "Umeak jolasgunea erabiltzen dutela ikustea da pozik handiena ematen didana”

Joseba Derteano 2017ko api. 2a, 12:00

Mañariko jolasguneko zati bat Igor Arkarazo (Abadiño, 1974) udaleko brigadako langileak egin du. Berak diseinatu eta eraiki du, herri inguruan jasotako egurra erabiliz.

Zelan hartu zenuen jolasguneko zati bat egiteko ardura?

Aurreikusitako jolasgunearen ondoko arlo batean zeozer gehitu zitekeela aipatu zuen udalak eta ni hori aurrera eramateko prest agertu nintzen. Hasieratik argi izan dut orekara bideratutako jokoak egongo nituela, adin tarte jakin baterako, ume-umeentzako barik ume koxkorrentzako. Begira, nire ustez, jolasgune osoa, bere osotasunean hartuta, diru gutxigaz gauza politak egin daitezkeenaren erakusgarri da.

Zuk egin duzun jolasgune zatiak zenbateraino dauka zure zigilua?

Ideiak han eta hemen jaso eta nik nire buruan nerabilen diseinura ekarri ditut. Gero, baita, proiektua gauzatzen joan den heinean hasierako ideia moldatzen edo eguneratzen joan naiz. Gauza bizi bat izan da. Udaletxeak askatasun osoa eman dit eta zorte hori izan dut.

Umeentzako etxola bat ere egin duzu.

Bai. Proiektua aurrera joan ahala umeentzako etxola bat egitea ondo legokeela pentsatu genuen. Zumitzagaz egindako ereduak begiratu nituen interneten. Hemen antzerako zer materiale dago hori aurrera eramateko? Urretxa. Lan handia eskatu dit etxola egiteak. Erronka oso abesgarria izan da. Azken batean, naturak material batzuk ematen dizkizu eta beti ezin dituzu erabili nahi zenituzkeen moduan. Eskaintzen eta ahalbidetzen dizunera moldatu behar duzu. Prozesu horrek xarma berezia izan du.

Materiale nagusia eta ia bakarra egurra izan da.

Bai, haritza eta hemen ingurukoa gainera. Argitu nahi dut ez dela zuhaitzik beren beregi ebaki jolasgune honetarako. Esaterako, enborrik lodiena tentsio altuko linea baten ingurua garbitzen zebiltzala moztu zuten eta hori berrerabili dugu. 

Horrelako lanei gustua hartuta, bide honetatik jarraitu dezakezu…

Eskulanak beti gustatu izan zaizkit eta betidanik landu dut. Proiektu honek eman didana da konfidantza maila bat horrelako gauzak egiteko. Egia esanda laguntasuna ere izan dut hau dena egiteko. Esaterako, enborrak umeek marraztu dituzte. Umeek galdetzen zidaten noiz zabalduko genuen jolasgunea eta nik esaten nien oraindik hainbat gauza zeudela egiteko. Eta beraiek: “Ba guk lagunduko dizugu”. Eta ni gustura. Egun batean batu eta enborrak pintatu zituzten. Hori ere kontuan hartzekoa da.

Zure seme-alabek probatu dute jolasgunea?

Orandik ez, baina laster etortzeko dira. Jakin dute proiektu honetan nenbilena eta argazki batzuk ere erakutsi dizkiet. “Noiz joango gara?” galdetu izan didate sarritan. Orain amaituta dagoela, ekarriko ditut eta ea zer iruditzen zaien. Niretzako inoportanteena bertoko zein kanpoko umeei jolasgunea gustatzea da eta bertan jolasten dutela ikustea. Ez badute gozatzen ez du ezertarako balio. Ireki denetik umeek jolasgunea erabiltzen dutela ikustea da pozik handiena ematen didana. Umeek laguntzeko erakutsi duten inplikazioak zein hainbat herritarrek emandako animoek ere asko lagundu didate neukan dena ematen. Gustura egiten zabiltzan lan batean, gainera, herritarren sostengua sentitzen baduzu, egiten zabiltzan ahalegin denak merezi izan duela sentitzen duzu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!