Cid: “Belarria zorroztu eta euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, ahal dudan neurrian”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 6a, 09:00

Rosalia de Castro poeta eta nobelagile galiziarra jaio zela 180 urte bete diren egunean elkartu gara Olallagaz. Haren jarraitzaile sutsua da duela lau urte O’Grove (Pontevedra) utzi eta Mañarira etorri zena. Familiaren eta lagunen falta sumatzen du, eta baita itsasoarena ere. Ingurukoek ANBOTO eskuetan hartzean izango dute elkarrizketaren berri.

Nolatan Mañarian?
Bikotekidearengatik etorri naiz. Gurasoek taberna dute O’Groven, eta zelanbait, bizimodua egina nuen han. Baina berari zailagoa egin zitzaion han lana aurkitzea, eta neu etorri naiz.

Herriminik baduzu?
Dezente! Egia esanda, oso gustura nago hemen. Baina, familia, lagunak... ditut faltan; itsasoa ere bai, noski! Itsasoa mendiagatik aldatu dut.  Kostako herri oso turistiko batetik mendi  inguru itxi batera etorri naiz, tokitan dagoen baserri batera (barrez).

O’Grovek eta Mañariak ez dute zerikusirik.
Ez! Biztanleria bakarrik ikusita... han 11.500 biztanle gara, eta hemen 400 inguru. Herrixka da Mañaria guretzat. Hasieran kostatu zitzaidan, bai; batez ere eguraldiarengatik. Udan gustura egoten da, baina, neguan... Han hotza, bai, baina edurrik ez du egiten!

Euri asko egiten ei du Galizian!
O’Grove hegoaldean dago, eta inoiz egiten du euria, baina ez esaten den beste! Hemen ere urte batzuetan besteetan baino gehiago egiten du edurra, han ere berdin euriagaz!

Han bezala, hemen ere tabernan egiten duzu lan, Durangoko Tabira Etxean. Aldea dago?
Zerbitzua da desberdina. Hemen tragoa eskatu eta bezeroak berak eramaten du. Asko poztu nau! Han zerbitzatu egiten dugu. Galizian, mahaira joaten gara galdetzera, zerbitzera... bezeroa ez da etortzen. Asko harritu ninduen hasieran.

Eta bezero moduan?
Egia esango dizut. Galizian euskaldunari segituan igartzen zaio, lurrera botatzen duen guztiagatik batez ere. Zentuz horretan, beste kultura bat dugu, izkina batean, pote batean... uzten dugu. Baina etxekotasuna han bezalakoxea da. Oso ondo hartu naute beti.

Albariñoa eta muskuiluak dira Galiziako produkturik ezagunenak?
Esango nuke, Rias Baixas munduko itsasadarrik aberatsena dela mariskoari dagokionez. Txanelak ditugu muskuilua —bertako produktu izarra— hartzeko, eta berberetxoak, almejak... hartzeko, itsaskilariak.Itsasoan, berriz, datilak ditugu. Izan ere, O’Grove penintsula izanik, itsasadarra eta ozeanoa ditugu. Kontserba fabrikak ere garrantzitsuak dira. 50 urtetik gora dira mariskoaren jaia antolatzen dela: marisko barietateak eta prestatzeko askotariko erak sustatzen dira bertan.

Mariskoa prestatzeko era piloa daude. Zein duzu gogokoena?
Uf! Muskuilua da erregea, prestatzeko modu piloa onartzen ditu-eta: lurrunetan egosita, ozpin-oliotan, tigreak, arrozagaz... Baina, gogaitu egin naute. Olagarroa, nekora... gustatzen zaizkit niri; oro har, denak. Bat aukeratzekotan, izkira.

Nola azalduko zenuke Galiziak mariskoagaz duen lotura?
Bizibidea da. Itsasoaz bizi gara, arlo guztietan.

Zer ekarriko zenuke handik?
Itsasoa, hondartza. Lagunak  kenduta (barrez).

Zer eramango zenuke? Zerk eman dizu atentzioa?
Etxetik dudan paisaia eramango nuke. Mendia. Eta txakurrak! Toki pribilegiatuan bizi naiz, Mugarraren magalean. Mendia, hondartza... dena hain ondo zainduta egotea gustatzen zait, eta euskaldunen izaera. Itxiak zaretela diote, baina nik ez dut hori ikusi. Beti laguntzeko prest dagoen jendea, zutaz jakin gura duena topatu dut.

Hasi zara euskara ikasten?
Bai, iaz. Baina ez nuen azterketa gainditu. Ingeles filologiagaz ere banabil, eta dena pilatu zait. Baina berriz saiatuko naiz, ziur. Zaila da, galegoa baino gehiago, horrek ere berea duen arren. Baina, belarria zorroztu dut eta euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, ahal dudan neurrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!