Unax Unzalu: “Poltsikoaren aukerekin lotutako kontsumo ohituraren aldaketa eman da”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 15a, 09:03

Unax Unzalu, Mañaria 1972

Ekoiztu eta merkaturatzeko diren Espainiako 11.500 ardotik gora jasotzen ditu 2017an Peñin Gidak, eta bereziki balioetsi du ‘Launa selección familiar (2014)’ kriantza. Errioxako upategi guztien artean kriantzarik baloratuena izan da, Errioxa jatorri deitura duten kriantza ondu guztien artean kalifikazio altuena lortuz. Unax, Iker eta Uxuri Unzalu hiru neba-arreben artean daramate Launa upategia.

Zer du berezia ‘Launa selección familiar’ ardoak?
Oso ardo berezia da. Batez bestean, 54-55 urteko mahastiak erabiltzen ditugu, oso produktibitate txikiarekin. Gainera, fruitua mozten diegu, mahats bilketa heldu baino hilabete aurretik: mahats mordorik onenak sailkatzen ditugu, eta besteak lurrera bota. Hartara, mahats mordo gutxi horien ezaugarriak kantitate txikiagoetan kontzentratzea lortzen dugu. Horrek gorputza, kolorea, testura... emango dizkio ardoari; usaimen aldetik ere, mahats mordo gutxiagotan kontzentratzen dituzu aromak.

Hor dago gakoa?
Oso garrantzitsua da mahastiko lan hori. Baina, horrez gain, upategian kontu handiz elaboratzen dira ardoak. Launa selección familiar kriantzak 15 hilabete egin ditu urtero berriztutako upeletan, eta hori ere badu berezitasuna. Haritz frantsesa eta amerikarra erabiltzen ditugu —erdi eta erdi— eta bakoitzak ezaugarri aromatiko eta tanino jakinak emango dizkio ardoari. Lehengai onik barik ezin da ardo ona egin, baina sukaldariaren ezagutzak ere garrantzi handia du, eta horretan  goratzen da Iker anaiaren lana. Gure ardo guztiak oso ondo baloratuta irten dira. Behetik gora gatozen upategia gara, eta Arabako Errioxan aipatuak. Hori lan onaren emaitza da.

Familia upategia da zuena. Hortik ardo honen izena?
Launa Plus zen ardo honek badakar bide bat egina. Nazioartean hainbat sari lortu zuen, eta ezagun egin zen. Familia upategia izanik, ekoiztutako ardo-familiaren barruan hori bereiztea pentsatu genuen. Hortik izena. Neba-arrebok elkarren osagarri gara, eta ez dut ulertzen taldea bat falta bada. Hala ere, Arabako Errioxan familia upategi asko daude, ez gara salbuespena. Bizirik dago izpiritu hori.

Bestelako izaera ematen dio?
Ezagutza, teknologia eta lehengai onak izanda, kantitate txikietan, produkzio handiko upategiek baino kalitate hobeko ardoa egiteko gai gara. Gertatzen dena da, merkatuan, produkzio handiko upategiek ikusgaitasun gehiago dutela; ezagutu egiten ditu jendeak. Ezagutzera emateko beste lan bat dugu guk sommelier, maitrê edo gidekin.  

Zer behar du ardo on batek?
Mahasti onak —zaharrak izatea ez da ezinbestekoa, baina, bai garrantzitsua—, upategia teknologikoki eguneratuta izatea eta ezagutza duen lantaldea. Gurean Iker da orkestraburu.

Gero eta mokofinagoak gara?
Ardoaren inguruko kultura bat hedatzen ari dela uste dut, baina, talde bi bereiztuko nituzke: ezagutzak, interesak edo gauza desberdinak dastatzeak emandako ikuspegi horretan oinarritutako mokofina batetik; eta, bestetik, ezagutzen dituen produktuetan oinarritzen den eta kontsumitzen duen horretatik irteten ez den segmento handi bat. Errespetagarria da guztiz, baina, azken hori, normalean, upategi handien produktuekin lotuago dago. Ikusgaitasun handiagoa dute merkatuan, eta hori ez dago kalitateari lotuta.

Modan dago ardoa?
Bai. Baina, irudi kontua ere bada. Urteko ardo zoragarriak daude, baina, ematen du kriantzak halako prestigioa ematen duela. Egongo da urteko ardoa gustatzen ez zaionik, baina, esango nuke, askok kriantza eskatzen dutela hala ohitu direlako, ez urteko ardo onik ez dagoelako. Belaunaldi aldaketan, poltsikoaren aukerekin lotutako kontsumo aldaketa eman da.

Izena du Errioxako ardoak. Baina, mundua zabala da.
Errioxa zaleak gara hemen, bai. Jatorrizko izendapena gara eta, duda gabe, garrantzitsuak. Baina mundu osoko ardoekin partekatzen dugu lekua, eta ardo oso onak daude. Baina ondo kokatuta gaude gu ere. Badago Errioxakoetan berezia den zerbait gura duen kontsumitzaile profil bat; hortxe dago Launa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!