Mañariko plazako kioskoa umeentzako jolasleku bihurtuko dute

Anboto 2016ko urt. 21a, 10:00

Prozesuan parte hartu duen herritar batek kiosko berriaren maketa bat sortu du.

Mañariko aurrekontu parte-hartzaileek proiektu berritzaile bat dakarte, aurten: plazako kioskoa umeentzako jolasleku bihurtzea. Hori izan da herritarrek, umeek barne, ondorioztatu dutena. Izan ere, prozesua bera ere berritzailea izan da; umeekin tailerrak garatu dituzte, euren nahi eta beharrizanak zuzenean ezagutzeko.

Jolasen bidez, dozena bat umek Mañarirako dituzten ametsak marraztu dituzte. Azken emaitzan, hiru ideia nagusi: tirolina bat ipintzea, eskalada-murru bat prestatzea, eta urtean zehar tailerrak antolatzea.

Gero, herritar guztiei zabaldutako partaidetza dinamikan, kioskoa, plazan dagoen jolas eremuaren baitan sartzeko proposamena egin du guraso batek, eta ideiagaz bat egin dute partaideek. Ondorioz, ume eta helduen ideiak bateratzea erabaki dute. Udalaren aurrekontu biak ere batu dituzte, umeen proposamenetarako gordeta zeuden 10.000 euroak eta herritar guztien 15.000 euroak, hain zuzen. Partaide batek etorkizuneko kioskoaren maketa landu du.

Beraz, txirristak, eskalada-murru txiki bat, tirolina bat, sare bat eta sokekin igotzeko gune bat edukiko ditu kiosko eraberrituak. Gainera, kanporantza ere hedapen bat ipiniko diote, leku gehiago egoteko. Kioskoak zentzu berri bat hartuko du, eta normalean erabiltzen ez den bertako aterpea aprobetxatuko dute, eguraldi txarra egiten duenean ere umeek non jolastu eduki dezaten.

Udalaren konpromisoa
Endika Jaio alkatea pozik agertu da aurrekontu parte-hartzaileen prozesuagaz eta emaitzagaz. “Plazari zentzu ludiko bat emateko aukera” lez ikusten du proiektua. Jaiok azaldu du aurreikusitako 25.000 euroekin akaso ez dutela nahikoa izango kioskoaren obra egiteko, baina, beharrezkoa bada, aurrekontu orokorretik gehiago ipiniko dutela. “Aurten egiteko konpromisoa hartu dugu”, esan du EH Bilduko alkateak.

Umeen partaidetzaren balorazioa egiterakoan, “demokrazia parte-hartzailean hezteko” modu bat dela uste du Jaiok. Hain zuzen ere, umeekin batera aurrerantzean jolasgunea egokitzen joatea da udalaren asmoa: “Umeen artean auzolanean eraikitako jolasgunea izatea gura dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!