Herriko umeen iritzi bereziagaz Mañaria koloreztatzen hasi dira

Anboto 2015ko urr. 30a, 09:00
Tailerrean parte hartu zuten umeak, Urtxintxako kideak eta Endika Jaio eta Ismene Uriarte udal ordezkariak.

Proiektua txikia da, taldea txikia, eta herria ere txikia. Mañarian, herriko hamar ume udal aurrekontuko 10.000 eurogaz zer egin erabakitzen hasi dira. Baina, kantitatez txikia izan arren, egitasmoak balio handia eduki dezake herriko zerbitzuak antolatzeari begira, eta, gainera, etorkizuneko partaidetza ereduetarako esperientzia bat izan daiteke.  Joan zen barikuan egin zuten lehenengo tailerra, jolasa oinarri hartuta; umeak, mozorrotuta, euren ametsak gauzatzeko superheroi bihurtu ziren, eta iritzi berezi horregaz, herria koloreztatzen hasi dira.


Urtxintxa (astialdiko trebakuntzarako eta suspertze soziokulturalerako erakundea)-ko kideek prestatu zuten dinamika. Lehenengo, herrian zer egin nahi zuten pentsatzea eskatu zieten, eta gero, ideia hori marraztea edo plastilinaz lantzea. Beñatek skate parke bat marraztu zuen, eta tirolina bat Uritzek: “Durangon ibili nintzen tirolinan, eta herrian bat ipintzea gura dut”. Eskulanak egitea irudikatu zuen Intzak, eta igerileku bategaz edo arboletan eginiko etxeekin amestu zuten beste batzuek. Ideia horiek guztiak udaleko batzordean aztertuko dituzte teknikariekin, eta hurrengo barikuan umeekin egingo duten bigarren tailerrean ideien bideragarritasuna azalduko diete.

“Parte hartzen ikasi”
EH Bilduko Endika Jaio alkate denetik, aurrekontuak era parte-hartzailean landu izan dituzte, eta, aurten, umeen iritzia ere zuzenean jakitea erabaki dute. Gainera, ekimenak asmo pedagogikoa ere badu, Jaioren arabera: “Umeak garrantzitsu sentitzea gura dugu, eta ilusioa egingo diela uste dugu. Parte hartzea garrantzitsua da guretzat, baina parte hartzen ikasi egin behar da. Demokrazia parte-hartzailearen kulturan hezi gura ditugu umeak”.

Ondorioak, abenduan
Urtero lez, udal arduradunek herritarren proposamenak ere jaso dituzte, inkesta bidez, eta abenduaren 12an aztertuko dituzte batzar zabal batean. Edozelan ere, umeak dira aurtengo protagonistak, eta prozesuan parte hartzen dabiltzan superheroiek herritarren aurrean aurkeztuko dituzte euren ondorioak, abenduaren 18an.

 

Duela urte batzuk Francesco Tonucci pedagogo italiarra Euskal Herrira etorri zen, eta gizartean umeen parte-hartzea sustatzeko filosofia zabaldu zuen. Eragina eduki zuen instituzio eta eragileen artean. Urtxintxa elkartea horrelako jarduerak bultzatzen dabil; Aiora Azagirre da Mañariko prozesua gidatzen dabilenetako bat.

Jolasaren bidez, umeen iritzia ezagutzea lortu duzue.
Askotan uste dugu umeak ez direla, batzuetan, iritzia emateko kapaz, aurrekontuetan esaterako. Baina euren erara moldatuz gero, oso ideia onak irteten dira. Saio ugaritan lantzen joan, eta gauza egingarriak izaten dira.

Horrelako esperientzia bat garatzen duzuen lehen aldia da, ezta?
Udalekuetan eta ludoteketan parte-hartzea landu dugu, baina aurrekontu parte-hartzaileak ez ditugu inoiz egin. Oso leku gutxitan egin dira, gainera, horrelako esperientziak. Guretzat berria da hau, baina beste esparruetako metodologien antzerakoak dira.  

Zelan baloratzen duzu lehenengo tailerra?
Oso ondo. Haur pila etorri da, eta, gainera, ideiak etxetik ekarri dituzte. Bazekiten zertara zetozen. Banaka batzuk lanean ibili dira hasieran, baina besteei kontatzerakoan, beste ideia batzuk ere sortu dira, eta oso polita izan da.

Baina umeek tailerretan eskatzen duten guztia ezingo da bete.
Baliteke igerilekua ez lortzea Mañarian, baina ur txorroak ipini, eta igerilekuen helburua lortuz gero... Hori guztia hurrengo tailerrean ikusiko da. Arkitektoak eta alkateak-eta ideiak aztertuko dituzte, eta hurrengo saioan zehaztu beharko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!