Gorka Bizkarra bigarren sailkatu da Sestaoko triatloian

Anboto 2015ko ira. 7a, 13:49
Gorka Bizkarra podiumeko ezkerreko aldean (Argazkia: Sestao triatloi taldea)

Abuztuan ezin izan zuen EmbrumMan triatloi proba mitikoa amaitu arazo mekanikoengatik. Kolpe gogorra izan zen mañariarrarentzat, onartu zuenez. Baina ez du etsi, gogor entrenatzen jarraitu du eta asteburuko Sestaoko podiuma izan da lan horren saria.

Abuztuaren erdian Gorka Bizkarra prest eta sasoian zegoen Alpeen bihotzean urtero jokatzen den EmbrunMan triatloi proba ezagunari aurre egiteko. Bere urteko helburu nagusia proba hori amaitzea zen (3,8 km igeri, 180 km bizikletan eta 42 km korrika). Baina bizikletan izandako ustekabeko matxura batek probatik kanpora utzi zuen. Urte bian matxurarik ez eta urteko hitzordurik garrantzitsuenean…. Alpeetatik etxerako bidea oso gogorra egin zitzaiola onartu zuen orduan. Baina erortzen denak bakarrik dauka berriro zutitzeko aukera. Etsi edo aurrera jarraitu. Bizkarrak bigarren bidea aukeratu, buruari eta pentsamendu ezkorrei buelta eman eta gogor entrenatzen jarraitu zuen. Adore horrek saria jaso du asteburu honetan. Gizonetan bigarren amaitu du Sestaoko triatloia Pello Osororen atzetik.

Embruneko jazoeraren osteko entrenamenduak “mentalki gogorragoa” egin dutela aitortu du: “Neuk bakarrik dakit zenbat lan egin dudan Sestaoko podiumean egoteko”. Hurrengo hitzordua Madrilgo triatloia izango du eta “motibatuta” aurkitzen dela adierazi du.

Sestaoko triatloian eskualdeko beste triatleta bat ere nabarmendu zen: Abadiñoko Laubideta triatloi taldeko Xabier Rementeria hirugarren tokian sailkatu zen 23 urtez azpiko kategorian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!