Gorka Bizkarrak lehenengo postua eskuratu du Senpereko triatloian

Anboto 2015ko mai. 4a, 19:00
Gorka Bizkarra bizkletako zatian.

Aurrez postu onak lortuta iritsi zen Senperera mañariarra (Peñiscolako ironman-ean 5. postua eskuratu zuen eta Getariako triatloian 8. gelditu zen) eta oraingo honetan irabaztea lortu zuen Triatlon Santander taldeko lasterkariak.

Pasa den domekan triatloia ospatu zen Senperen (Lapurdi). Izen oneko triatloi lasterkariak joan ziren: Fernando Barroso, Beñat Arnaiz, Zorion Kareaga eta Mikel Mujika, besteak beste. Tartean Gorka Bizkarra Triatlon Santanderreko lasterkari mañariarra. 

Lasterketako distantziak honakoak ziren: 1500 metro igeri, 40 km bizikletan eta 10 km korrika. Bizkarra nahiko posizio onean irten zen uretatik, 14. postuan, eta atzetik aurrerako bidea egin behar izan zuen. Mikel Mujika eta Fernando Barrosorekin iritsi zen T2ra (bizikleta utzi eta korrika hasten deneko trantsizioa), lasterketa buruan zen Martin Iraizozengandik 1:40ra.

Iraizozek abantaila polita zeukan bizikletaz egin beharreko zatia bukatzean, baina korrika denbora galduz joan zen, eta Bizkarrak lehenik eta Barrosok geroago, aurreratu egin zuten. Bi hauek lehia estua eduki zuten amaierara arte. Helmugarako itzuli baten faltan, 15 bat segunduko aldea zegoen bien artean, Bizkarra lehen postuan zela. Azkenik, postu horri eustea lortu zuen mañariarrak, garaipena lortuz. 1:57:33 izan zen Bizkarraren denbora, eta 15 segundura sartu zen Barroso. Podiuma Gillaume Belgy frantziarrak osatu zuen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!