Mikel Bizkarrak denboraldiko laugarren garaipena lortu du Valentziako Itzulian

Anboto 2014ko ira. 9a, 08:00
Mikel Bizkarra (eskumatik hasita bigarrena) bere taldekideekin valentzian

Valentziako itzuliko bigarren etapa irabazi zuen zapatuan. Mendian gora arerioak atzean utzi eta bakarrik helmugaratu zen.

 

Iaz urte zaila igaro ostean, aurten bizikleta gainean berriro gozatzen dabil Mikel Bizkarra (1989, Mañaria, Gomur Kantabria taldea). Denboraldiko azken txanpan sartuta, orain arte lau garaipen lortu ditu; horietako azkena eguenetik domekara lehiatu zuten Valentziako Itzulian. Hasieran sailkapen nagusia lehiatzeko asmoa zuen, baina lehen etapan helmugara heldu zen ihesaldiak 25 minutu atera zizkion tropelari eta tropelan zihoan Bizkarrari. Ihesaldian bere taldekide bi zihoazenez (Israel Nuño asturiarra eta Steven Calderon kolonbiarra), taldeak eta Bizkarrak eurentzako lan egin zuten hurrengo egunetan.

Hala ere, itzuliko bigarren etapa egutegian gorriz markatuta zuen mañariarrak, mendian gora dituen bere dohaietarako aproposa zelako. Ihesaldia eratzeko saiakera baten baino gehiagoren ondoren, lauko talde batek aurrera egin zuen: Bizkarra, Aritz Bagues, Antton Ibarguren eta Adria Morenok osatu zuten ihesaldia. Frontera izeneko mendatean behe-behetik erritmoa bizitzen hasi zen eta apurka arerioak atzean utziz, bakarrik igaro zen mendate gainetik. Handik helmugara 18 kilometro zeuden. Aurten behin baino gehiagotan gertatu izan zaio mendate gainetik helmugarako tarte horretan bakarrik ihes eginda joan eta azken unean tropelak harrapatzea. Zapatuan ez zuten harrapatu; pedalei gorputz eta arima eragin eta etapa irabazi zuen. Hurrengo egunetan talde lanean aritu zen emaitza oso onekin; izan ere, Nuño taldekideak Valentziako Itzulia irabazi zuen. Bizkarra 13. izan zen sailkapen orokorrean.

Orain arte lau garaipen lortu ditu Bikzarrak; Valentziakoaz gainera, orain asteburu bi Zegaman nagusitu zen eta maiatzean Berriatuko eta Azpeitiko lasterketak irabazi zituen. Horrez gaitera, aurreneko hamarren artean sailkatzea lortu du 29 lasterketatan.

Aurten bizikleta gainean “gozatzen” ari dela adierazi du Bizkarrak. Aurtengo errendimenduak profesionaletako talderen baterako atea zabalduko dion esperantzagaz dago, baina momentuz ez du eskaintzarik. Euskal Herrian azken aldian taldeak desagertu egin direla kontuan hartuta, aukerak murriztu egin dira. Badira zurrumurruak talde berriak sortuko direna, eta horrek Bizkarraren zein gainerako euskal txirrindulari askoren aukerak berpiztuko lituzke. Baina “zurrumurruak zurrumurru dira eta errealitate bihurtu arte nahiago dut ilusio gehiegirik ez egin”, dio Bizkarrak zuhur.  Denboraldia amaitzeko hitzordu bi falta zaizkio: Altsasuko lasterketa eta Galiziako Itzulia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!