"Txileko taldera joateko aukera sortu zenean aprobetxatzea erabaki nuen"

Anboto 2013ko abe. 11a, 12:12
Mikel Bizkarra (24 urte, Mañaria) Txileko Pino Road talde berrian (Kontinental maila) arituko da datorren denboraldian. Urtebeterako kontratua sinatu du. Orain arte Euskadi Fundazioa taldean ibili da.

\"\"

 


Mikel Bizkarra (24 urte, Mañaria) Txileko Pino Road talde berrian (Kontinental maila) arituko da datorren denboraldian. Urtebeterako kontratua sinatu du. Orain arte Euskadi Fundazioa taldean ibili da.Oraindik ez du talde berriko elastikorik eta Euskadi Fundaziokoagaz entrenatzen du. Azken urte bietan taldekide izan duen Illart Zuazubizkarregaz entrenatzera irten aurretik, erronka berriari buruzko xehetasunak azaldu dizkigu.


Zelan sortu zitzaizun Txileko taldera joateko aukera?
Taldea sortuko zutela jakin nuen, eta une horretan talde barik nengoenez, eurekin hartu-emanetan ipini nintzen. Nire ibilbidea gustatu, eta eskaintza egin zidaten.



Zer dakizu taldekideei buruz?
Gehienak, zortzi bat, txiletarrak dira, eta lau espainiarrak edo euskaldunak: Pablo Urtasun, Juanjo Oroz eta hirurok euskaldunak gara, eta Salvador Guardiola murtziarra. Lehenengo biak Euskaltel-Euskadin ibili ziren aurreko denboraldian, eta Guardiola Luxenburgoko talde bateko txirrindularia izan da.


Noiz jakin zenuen taldekideen berri?
Taldera batzea gura zutela jakinarazi zidatenean eman zidaten taldekideen berri. Ordura arte, ez nekien ezer. Jende ezaguna eta esperientziaduna zegoela jakiteak animatu egin ninduen.



Jesus Buendia izango da zuzendaria. Ezagutzen duzu?
Behin egon naiz berarekin, baina badut bere ibilbidearen berri. Txirrindulari profesionala izan zen hiru urtez, 2006tik 2008ra. Eroriko batek eragindako lesio bategatik txirrindularitza utzi behar izan zuen. Harrezkero, zuzendari aritu da gazte mailako taldeekin.


Zein da zure animoa erronka berriari begira?
Esperientzia berri bat da, eta gogotsu nago. Ilusionatuta nago.


Egutegiari buruz zer dakizu?
Urtarril erdialdean edo joango naiz Txilera. Taldea aurkeztu eta kontzentrazioa hasiko dugu. Martxora arte Hego Amerikako lasterketetan ibiliko gara. Ondoren, honantz etorriko gara, eta taldeak Murtzian izango du egoitza. Martxotik aurrera, Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Portugalgo eta, oro har, Europako lasterketak lehiatuko ditugu. Gaztela Leon, Asturias eta Madrilgo itzulietan egongo gara, eta Euskal Herrian, esaterako, Zornotza eta Lizarrako lasterketetan parte hartuko dugu. Espainiako ia egutegi osoa egingo dugu. Etxean edo etxetik gertu aritzeak ere motibazioa ematen du.


Zer espero dute zugandik?
Txileko txirrindulari gehienak gazteak dira, eta ez dute esperientziarik Europan. Hemengo txirrindularitzara moldatzen laguntzea da zereginetako bat. Horrez gainera, aldapa gora amaitzen diren etapetan ahalik aurreren ibiltzen saiatuko naiz, eta nire dohainetara egokitzen ez diren lasterketetan taldeari ahalik gehien laguntzen.


Txileko hedaduraren %80 mendizerrek osatzen dute.
Lana ondo eginez gero, alturan entrenatzeak bere abantailak ditu. Nik hiru bider entrenatu dut alturan, eta beti igarri izan dut hobekuntza. Gure egoitza kostaldean dago (Valparaison), eta ez dakit garaieran kontzentraziorik antolatuko duten.


Euskadi Fundazioaren auzia zelan bizi izan duzu?
Lehenengo desagertu egingo zela zirudien, eta, ondoren, jarraitu egingo zuela. Bai, ez, bai, ez… horrela ibiltzea ez zen lasaigarria inorentzat. Ilusioak egiten dituzu, eta asmoak aurrera irteten ez badu, ondorengo etsipena handiagoa da. Entrenatzeko gogoa ere joan egiten da. Ez dago segurtasunik eta ez da erraza horrela ibiltzea. Hilabete horiek gogorrak izan dira niretzako, eta uste dut euskal txirrindulari guztientzako ere hala izan dela.


Sumatzen zenuen Euskadi taldeak jarraitu zezakeela?
Egia esateko, hasieran ez. Miguelek (Madariaga) esan zigun kontua gaitz zegoela, eta ahal izanez gero, taldea bilatzeko. Azken egunetan, ordea, entzuten nuenagatik baiezkoan nengoen, eta zorionez jarraitu egingo du.


Hartutako erabakiaren damurik bai?
Txilera joateko modua sortu zitzaidanean horixe zen une horretan nuen aukera bakarra. Euskadi Fundazioak jarraitu arren, batek daki tokia izango nuen edo ez. Aukera sortu zenean aprobetxatzea erabaki nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!