"Mañariko gazteak bertan gelditzea da gure helburuetako bat"

Anboto 2013ko mai. 2a, 12:15

Pasa den asteburuan nobedade bi izan zituzten Mañarian: kultur etxearen inaugurazioa, eta Errekondo tabernarena. Tabernan, Imanol eta Liher Arteaga anaiek hartu dute barra atzeko ardura.

Pasa den asteburuan nobedade bi izan zituzten Mañarian: kultur etxearen inaugurazioa, eta Errekondo tabernarena. Tabernan, Imanol eta Liher Arteaga anaiek hartu dute barra atzeko ardura.

 

Zelan joan dira lehenengo egunak?

Imanol Arteaga: Asteburuan oso ondo. Inaugurazio bi egon ziren egun biren barruan eta... Eguenean egin genuen guk, eta oso eguraldi ona egin zuen gainera. Egin genuen guztia jan zen, edan zen gura adina, eta kultur etxeko inaugurazioan ere oso ondo.

Liher Arteaga: Bezeroentzako ere berria izan da gu hemen ikustea. Batzuk aluzinatu egin dute, ez zekiten-eta hona etortzekoak ginenik! Lehenago ere ibili zarete tabernan lanean.

 

Zelan animatu zineten proiektua egitera?

I.A.: Asko pentsatu eta gero, lagun askogaz eta familiagaz asko berba egin eta gero. Lan mundua zelan dagoen ikusita, norberarentzako lana edukitzea sikiera aukera ona zela ikusi genuen.

 

Oso desberdina izango da besteentzako lan egitea edo norberak eroatea taberna.

I.A.: Besteentzako lan egitea erosoa da. Lan egin eta etxera zoaz. Hemen lan egin eta gero kontuak ateratzen ibili behar zara, hornitzaileekin borrokan... Oraingoz, nahiko ondo gabiltza. Maiatzaren 6an menuak ematen hasiko gara, eta hori beste erronka bat izango da. Aste bitartean menua emateko asmoa daukagu, eta asteburuan bokatak, kazolatxoak, pizzak, hanburgesak... Egitura handiak dauzkagu, brasero bat eta guzti, eta aukerak egongo dira aurrerantzean.

L. A.: Nik eskubeharra egingo dut, honek esaten didana... Kontuak-eta eroateko, anaia hobeto!

 

Anaiak izanda, ika-mikak izateko aukerak egongo dira...

I.A.: Hori seguru, baina hori pasatzen zaizu anaiagaz, lagunekin, neska-lagunagaz, gurasoekin... Edozeinekin. Berria bazara, gehiago. Baina beno, dena ondo joateko eztabaidatu egin behar da, bestela baten bat sumisoa da.

 

Kultura ekintzak ere antolatu gura dituzue.

I.A.: Bai. Kontzertuak eman gura ditugu, bertso-afariak, ipuin-kontalariak, erakusketak... Ea Mañariko gazteak bertan gelditzen diren afaltzen eta tragoak hartzen, kotxerik ez hartzeko eta hori, karkar... Nik uste dut, herriak eskertu egingo duela hau ondo joaten bada. Gure helburuetako bat bada herria ez dadila hil. Durangora joaten izan da jendea, hemen ezin zelako hanburgesa bat, bokata bat jan... Oraindik martxa hartzen gabiltza, eta ikusiko dugu, baina herriko elkarteei ere, aste bitartean afariren bat egin gura badute, eskatza eta jantokia uzteko asmoa daukagu.

 

Lehenengo ekintzaren bat baduzue buruan?

I.A.: Oraindik ez dugu zehaztu, baina gustatuko litzaiguke maiatzaren 19aren bueltan, aste kulturalean kontzerturen bat antolatzea. Liher musikaria da, eta badauzka kontaktuak...

L. A.: Ea mugimendua sortzen dugun, gazteentzako Mañarian zer edo zer eskaintzeko...

 

Trastorno taldean jotzen duzu, Liher. Zure taldeak ere joko du Errekondon?

L. A.: Bai, ahal denean, bai. Orain nahikoa entsaiatzen gabiltza. Lagun bat kanpoan egon da ikasten, eta orain etorri da. Asteburuan Bermeon daukagu kontzertua, eta Abadiñon ere joko dugu, Santrokazetan.

 

Tabernak talderako denbora kenduko dizu...

L. A.: Bai, edo anaiak egin beharko du lana doble! Asteburu batzuetan egin beharko du, bai...

 

Mañariarrak izanda, berezia izango da zuentzat lan hau...

I. A.: Bai. Ezagunak gara biok. Herrikoak eta kale-kalekoak gara, hamabost urteko aldea daukagu eta jende asko ezagutzen dugu. Herri giroa apur bat galduta egon da, eta ea zer edo zer berreskuratzen dugun. Jendeak ohitura hartu du Durangora joateko, ea orain tabernari bizia eman eta giroa sortzen den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!