Eskultura eta literatura, Victor Arrizabalagaren lanean bat eginik

Anboto 2012ko urr. 1a, 08:17
Eguenean, \'Beste liburu batzuk\' erakusketa ipiniko du eskulturagile mañariarrak, Bilbon

Eguenean, \'Beste liburu batzuk\' erakusketa ipiniko du eskulturagile mañariarrak, Bilbon.

 

Tximiniatik zentzu gabeko berbaroa darien koloretako etxeak, letraz bustiriko aterkiak zein orotariko objektuak biltzen dituzten liburuak. Victor Arrizabalagaren (Mañaria, 1957) azken pieza eskultorikoak dira.

 

\"\"

 

Metala (altzairua) eta kolorea (bizitasun handikoa) pop ikuspegitik eta modu pertsonalean garatzen du, ironia puntu finarekin. Lehen aldiz gauzatu du serie handi bat gai konkretu batekin, liburuaren eta letren mundua.
Modu batera edo bestera (testuak idazteko eskulturak bidaliz, edota testu jakin bat abiapuntu hartuta piezak eginez), punta-puntako hamar idazlerekin kolaboratu du: Joseba Sarrionandia, Juan Carlos Mestre, Kirmen Uribe, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano,  Miren Agur Meabe, Kepa Murua, Mikel Varas, Leire Bilbao eta Unai  Iturriaga. Eskulturekin batera poesia, ipuinak zein prosa surrealista aurkituko du bistariak erakusketan eta katalogoan.

 

 

Oraindino aro digitalera guztiz salto egin ez duen liburuari (objektu eta fetitxe lez) egindako omenaldi poetikoa da erakusketa, oso erakargarria bisualki, irakurketa anitzekoa literatura bera lez, eta gogoeta metaliteraturara gonbit egiten duena.

 

Beste liburu batzuk  Bilboko Foru Liburutegiko Areto Noblean egongo da, datorren eguenetik aurrera. 

Mikel Onaindia (kolaborazioa)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!